Hala ere parte hartuko dut

Naroa Jauregizuria Lopategi 2022ko aza. 17a, 11:14

Hizkuntza bat ez da galtzen ez dakitenek ikasten ez dutelako, dakitenek erabiltzen ez dutelako baizik", ez dakit zenbatetan irakurri dudan: ikastolan, tabernetan, gaztetxeetan, Instagramen, WhatsAppean... Zama eta errua agertzen zait horretan pentsatzen dudan bakoitzean.

Bere garaian izan zezakeen balioa kendu barik, testuingurutik aterata eta urteetako bazterkeria eta gutxiespenaren ostean "hemen euskararik hitz egiten ez duenak ez duelako nahi da" baieztapenean transformatu eta jendartearen hizkuntza ideologian iltzatu da.

Euskaraldia aipatu egoeran sortu eta garatu da, eta ardura eta erruaren mamuak sartu-irtenak egiten ditu ekimen honetan ere. Ardura eta errua sartzen dira ezagutza bermatuta ez dagoenean, euskaldunon hizkuntza eskubideak hutsaren hurrengoa direnean edo euskal erreferenteak eta kultura desagerrarazten, infantilizatzen edo karikaturizatzen direnean; erabakia eta hautua gurea dela esaten zaigunean. Alta, errua eta autofustigazioaren gainetik mamua murrizteko aukera ere emango digu Euskaraldiak: euskaldunok ikusgarri egiteko, gune seguruak sortzeko, komunitatea indartzeko, elkar zaintzeko, aliantzak eraikitzeko eta ahalduntzeko. Horregatik, hala ere, Euskaraldian parte hartuko dut.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun