Aldaketa horiek auzoko bizilagunek azken hilabeteotan azaldutako errefusaren ostean datoz; izan ere, Udalak eta enpesa-sustatzaileak Lamiakoko dartsena ingururako proposatu zuten HAPOren aldaketak aurkako hainbat iritzi eragin ditu Lamiako eta Txopoetako bizilagunen artean; auzotarrak Lamiako Txopoeta Bizirik elkarte gisa ere egituratu ziren egitasmoa geldiarazteko helburuagaz.
Alkateak iragarritako lau aldaketen artean, lehenak eraikiko dituzten etxebizitzen dentsitateari eragingo dio. Rodriguezek azaldu duenez, 1.200 etxebizitza egiteko aurreikuspena 895era jaitsi dute, "Langileria inguruko eraikinak 12 solairu izatetik seira igaroko dira, eta 20 solairukoak 12ra".
Bigarren puntuan, aurreikusitako zuzkidura-erakinen eta inguruko aparkalekuei buruzko azalpenak eman ditu alkateak, adieraziz horretarako hainbat aukera ari direla aztertzen, besteak beste, aparkaleku publiko bat, udal-eraikin baterako gunea eta zuzkidura-apartamentuetarako eraikin bat ere.
"Leioako bizilagunek eskatzen ziguten hirugarren puntua dartsena guztiz berreskuratzea zen; hori aurreikusita zegoen esku-hartze bat", adierazi du alkateak. Horren inguruan hezegunea erabat berreskuratu gura dutela iragarri du Rodriguezek: "Zati bat dartsenaren ibai- eta padura-sistemarentzako erabiliko da, eta beste bat leioaztarren gozamenerako gunea izango da, basoakaz eta parke bategaz. 180.000 metro koadroko ingurune bati buruz ari gara, San Mames bezalako 25 futbol zelairen parekoa".
Laugarren eta azken puntuan metroaren erabateko lurperatzearen inguruan aritu da alkatea, baina ez du zehaztapen finkorik egin: "Aldaketa honen bitartez, lurperatze horretarako dirua lortuko dugu, eta Udala lanean ari da, Lamiakotik igarotzen den metroaren lurperatze osoa egin ahal izateko".
Lamiakoko Planeamenduaren Aldaketari buruz egindako herritarren partaidetza-prozesuaren ondoren, alkateak, Iban Rodriguez Etxebarriak, labur azaldu du zertan datzan etorkizuneko Lamiakorentzat Gobernu Taldeak duen proposamena#Lamiako pic.twitter.com/yRCJ85qrrZ
— Leioa Udala (@leioaudala) March 21, 2023