Zergatik eta nola hasi zinen AEN duten pertsonak zaintzen?
Mundu honek txikitatik erakartzen ninduen, eta Psikologia Klinikoko gradua bukatzean, AENa duten pertsonekin lan egiteko aukera izan nuen boluntario gisa. Aldi berean, psikologo bezala lan egiteko eskaintza bat jaso nuen, eta 1994tik eguneko arretarako zentroetan lan egiten dut.
Zer da zure lanaren gauzarik zailena?
Galdera honen erantzuna baldintzatuta dago orain bizitzen ari naizen uneagatik. Momentu honetan, neke fisiko eta mentalak zailtzen dit eguneroko lana. 60 urte ditut, eta bizitzako urte asko pasatu ditut beste pertsona batzuk zaintzen eta laguntzen, eta oraindik ere horretan nabil. Pertsona horien erantzule sentitzen naiz, eta lan horrek asko higatzen du maila guztietan: fisikoa, psikologikoa, pertsonala...
Emakume gisa, sentitzen duzu zainketen pisua duzula zure bizitzako beste arlo batzuetan?
Bai. Laneko eguneroko neke fisiko eta mentalari nire bizitza pertsonaleko zaintzak gehitu behar zaizkio: bere momentuan, nire alaba hezi nuen, nire bikotea zaindu nuen gaixotasun batetik igaro zenean, eta nire gurasoen, baita aitaginarrebaren zaintza lanak ere, nire gain daude.
Egia da laneko zainketak eta zure familiako pertsonen zainketak guztiz desberdinak direla. Amankomunean daukatena da denak pertsona direla eta sentitzen duzun erantzukizuna maila berean dagoela. Baina lanari buruz hitz egiten dugunean, ez naiz ezinbestekoa sentitzen; ni ez banago, beste pertsona batzuek nire soldata berdinagatik nire lana egin dezakete. Gainera, denborarekin, egoera horiek era ezberdinean begiratzen ikasten duzu, distantzia gehiagorekin.
Nire familiako zaintzen harira, erantzukizunaz gain, beste harreman afektibo batek lotzen nau pertsona horrekin, berezia eta bakarra dena. Erabat inplikatuta zaude, eta hori ezin da ordezkatu. Zaintza horrek denbora eta energia asko eskatzen dizu, eta zama handia da, batez ere psikologikoa.
Aurtengo Martxoaren 8an, Emakume Langilearen Nazioarteko Egunean, zentroan jarri zuten zaintzen auzia. Uste duzu emakumeen rola aldatzen ari dela zaintzari dagokionez?
Nire inguruan ikusten dudanez, apurka-apurka, gizonak zainketa ardurak hartzen hasi dira, arlo profesionalean zein familian. Hala ere, berdintasunean oinarritutako hezkuntzari dagokionez, oraindik asko dago egiteko. Adibidez, eskolan eta familiartean proposamen profesional berberak eskaini beharko genizkieke, generoa kontuan hartu gabe.
Familiari dagokionez, ez litzaieke esleitu behar mendeko pertsonen zaintzen ardura alabei edota ahizpei, soilik emakume izateagatik. Izan ere, gehienetan, erantzukizun hori ere hartu ahal duten gizonezkoak daude. Hortaz, mentalitate-aldaketa gizonena eta emakumeena izan behar da. Bestalde, zaintzaileentzako gizarte-sare bat ezarri beharko litzateke, gutaz ere norbaitek zaintzeko eta gure ongi-izateaz arduratzeko. Izan ere, kulturalki oraindik ere ardura hori egozten digute. Beste pertsona batzuk zaintzeak ez du esan nahi geure burua zaintzeaz ahaztu behar dugunik.
Hortaz, nork zaintzen ditu zaintzaileak?
Kontuan hartuta zaintzea gizarte osoaren erantzukizuna dela, eta zaintzak dakarren zama fisiko eta psikologiko guztia, baita askatasun eza ere, gaur egun, zaintzailearentzat sortzen diren zainketak oso urriak direla uste dut. Nik badakit egoera hori aldatzeko zerbait egiten hasi direla udal batzuk, esaterako, Zainduz programa sortu dute. Hala ere, ziur aski, horretara bideratzen diren aurrekontuak ez dira nahikoak. Asmoak daudela nabaritzen dut, baina iceberg-a oraindik oso gutxi erakusten dute. Gehien ikusten dudana beste emakume batzuei laguntzen dieten emakumeak dira. Baina, era horretan, zaintzak emakumeen kontua baino ez izatea bultzatzen jarraitzen dugu… Argi dago gobernuek askoz gehiago egin behar dutela zaintzaileen ongizatearen alde.
Zure ogibideari lotuta, nolakoak dira zainketan oinarritutako lan-baldintzak?
Zaintzan ardaztutako sektoreek gizarte matxista baten ondorioak jasaten jarraitzen dituzte, kulturalki beti emakumeoi egotzi zaigulako zaintzaren erantzukizuna. Zeregin horien garrantzia murrizten dute, eta, gainera, askotan gutxieneko soldatara ere iristen ez diren ordainsariak ditugu. Hori da, oraindik ere, sektorearen zatirik handienean dagoen egoera, bizitzaren sostengurako funtsezko lanak egiten genituela saldu ziguten pandemia baten ondoren. Horregatik, gaur egun ere, gure eskubideak, eta, batez ere, gure duintasuna lortzeko manifestatzen jarraitzea beste erremediorik ez dugu: ez dugu nahi gu goraipatzea, herritar laguntzaile gisa dagokiguna ematea nahi dugu, berdintasunez gizonentzat eta emakumeentzat.