Asier Izquierdo EH Bilduko zinegotziak osoko bilkurara eraman zituen akten arabera, Leioako Udalak eta Espainiako Gobernuak kudeatzen duen Kosta Demarkazioko Idazkaritzako Zuzendariordetzak bilera izan zuten 2022ko martxoaren 2an. Horretan, Gobernu espainolak Lamiakoko hezegunea bere osotasunean berreskuratzeko proiektuagaz bat egin eta kostuak euren gain hartzeko prest zeudela berretsi zuen. Halaber, Udaleko Bulego Teknikoak proiektuaren bi alderdi azpimarratu zituen: egungo Gobela ibaiaren ibilgua artifiziala dela eta egitasmoaren helburua Lamiakoko hezegunearen ingurumena berreskuratzea dela.
Hezegunearen leheneratzea Lamiako Txopoeta Bizirik plataformaren aldarrikapen nagusietako bat ere bada. Duela aste batzuk egindako manifestazioan 500 herritar inguru batu zituen plataformak auzoa bere osotasunean hartuko duen HAPO aldarrikatzen du, "ez eraikuntza-enpresen interesen araberakoa". Plataformako kideek salatu dutenez, Udalak ez du Lamiakoko hezegunea bere osotasunean leheneratu gura, "egingo dituzten etxebizitzen aisialdi gune hiritarra moduan berreskuratua izango delako".
Beste alde batetik, 2022ko uztailaren 6an egindako bilerako aktan jasotzen denez, Eusko Jaurlaritza "metroaren lurperatzearen definizio zabalago baten alde dago, Areetaraino iristeko". Halaber, dokumentuan adierazten da itsasadarraren azpiko tunelak metroaren lurperatzean eragina izan dezakeela", zehaztapenik eman gabe. Momentuz, Leioako Udalak egindako azken iragarpenen arabera, proiektuak Leioako bi metro-geltokien arteko tartea lurperatzea bakarrik aurreikusten du, esku-hartze hori Areetara luzatuko ote duten dago ikusteko.
Dena erabakitzeke
Ibon Rodriguez Leioako alkateak onartu zuen Eusko Jaurlaritza, ETS eta Kosta Demarkazioko ordezkariakaz elkartu direla, baina ez zuen zehaztu gerora bilera gehiagorik egin dutenik. Hala ere, ziurtatu zuenez, "gaur gaurkoz ez dago egitasmorako partida ekonomikorik, etorkizunean egon daitezkeen arren", eta gaineratu zuen hezegunea berreskuratzeko europar finantzazioa lortu guran dabiltzala, eta Sestaoko Udalagaz batera proiektu bat aurkeztu dutela. Rodriguezek ere esan zuen bilerak azaroan amaituko dituztela, HAPOren aldaketak onartzeko egitasmoa abenduan aurkeztuko dutelako.
Bere aldetik, apirileko Udalbatzan osoko bilkuran, EH Bilduko bozeramaileak kritikatu zuen EAJ eta PSE-EEren gobernu-taldeak ez duela igorritako informazio horien berri eman, eta, beraz, "Lamiakoko geltokien artean metroa lurperatzeko auzoko eskaera historikori erantzuteko eta hura finantzatzeko aukera dagoela". Horregaz batera, gaineratu zuen metroaren lurperatzea lehentasuna izan beharko litzatekeela, "Bizkaiko Foru Aldundiak martxan jarri gura duen itsasadarraren azpiko azpiegituragaz bateraezina izan baino lehen".