EH Bilduk jakitera eman duenez, Leioako Udalak fitxa mugitu du eta Iparragirre zeharkaleko etxebizitzetatik metro gutxira dagoen biltegia lekualdatuko dute. Las Vegas auzoko bizilagunek hori eskatzeko hainbat protesta eta salaketa egin dituzte azkenaldian, gune horrek eragiten dizkien eragozpenenak salatzeko.
Besteak beste, auzotarrek salatu dute euren etxebizitzetatik metro gutxitara dagoen gune horretatik ateratzen zen kiratsa eta makinen zarata etengabea dela: "Goizaldean martxan jartzen diren kamioen zaratak eta horietatik datorren usainak ere kaltetzen ditu bizilagunak".
Aurreko 2022ko otsailean, Mikel Abascal hirigintza arloko arduradunak Lurralde Batzordean jakinarazi zuen Leioako udal-gobernuak kamioien biltegia lekualdatuko zuela. Ordutik ez da gai horren inguruko albisterik egon, baina bizilagunek eragozpenak salatzen jarraitu dute deitoratu baitute ordutik Udalak ez duela agindutakoa bete.
Orain, Eh Bilduren arabera, Leioako Udalak gordelekua aldatzeko alokairu bat ezarriko du behin behineko neurri gisa. Hala ere, koalizio abertzaleko ordezkariek urrats bat gehiago ematea eskatu dute eta hurrengo HAPOan premia hori aurreikusten duen eta osasun publikoaren ikuspegitik egokienak diren lurzoruak identifikatzea defendatu dute.
Zehapen-espedienteak Burger King jatetxeari
Era berean, EH Bilduk jakitera eman duenez, Las Vegaseko bizilagunen salaketa publikoaren eta alderdi soberanistaren ekimen instituzionalaren ondoren, auzunearen ondoan dagoen Burger Kingari bi zehapen-espediente irekitzea lortu dute, aste-akabuetan goizeko 06:00ak arte irekitzeagatik. Zentzu horretan, gobernu-taldeari eskatu diote, ordutegiak errespetatu ezean, neurri zorrotzagoan har ditzatela, Las Vegaseko bizilagunen atsedenerako eskubidea bermatzeko.