Iban Rodriguez jeltzaleak Leioako Alkatetzan errepikatuko du

Ander Zarraga 2023ko eka. 19a, 10:36

2023-2027 Legealdiko Leioako Udalbatza osatuko duten 21 zinegotziak. © LEIOAKO UDALA

Zapatuan, hurrengo lau urteetan Leioako Udalbatza osatuko duten 21 zinegotziek kargua hartu zuten. Normaltasun osoz egin zen ekitaldiaren ostean, alderdiek euren hautagaiak aurkeztu zituzten eta EAJko Iban Rodriguez izan zen aukeratua Leioako Alkatetzan jarraitzeko; horretarako, bere alderdiko zortzi zinegotzien eta PSE-EEren hiru ordezkarien babesa jaso zuen. 

Leioako Udaleko osoko bilkuraren banaketa horrela geratu zen 2023-2027 Legealdirako: EAJ zortzi zinegotzi, EH Bildu bost, PSE-EE hiru, PP hiru eta Elkarrekin Podemos bi. Behin Udalbatza osatuta eta Udaleko egoera ekonomikoaren berri eman ostean, hiru alkategaik aurkeztu zuten euren burua bozketarako: EH Bilduko Maria Jose Peleteirok bere alderdiaren bost boto jaso zituen, PPko Jon Albisuk bere taldekideen hiru babesak eta Iban Rodriguezek EAJren zortzi ordezkarien eta sozialisten hiruren babesa jaso zuen. Elkarrekin Podemoseko zinegotziek zuri bozkatu zuten. Horrenbestez, jeltzaleek eta sozialistek orain arteko aliantzari eutsiko diote, eta, EH Bilduk Leioan igotzea lortu badu ere, gehiengoagaz jarraituko dute agintzen. 

Leioako Udaleko aginte-makila jaso ostean, Rodriguezek bere aurreko agintaldian emandako urratsak goraipatu zituen, hala nola kiroldegi berra, institutua, Lamiako eta Pinueta auzoen berroneratzea eta Avanzadaren estaltzea. Gainera, alkateak aurkeztutako programa betetzeko asmoa iragarri zuen eta eskua luzatu zion "Leioaren alde lan egiteko prest dagoen orori. 

Era berean, Maria Jose Peleteirok, EH Bilduko alkategaiak, azken lau urteotako aginte-eredua udalerriaren arazoaren parte izan dela arrazoitu zuen, "oposizioko taldeak eta herritarrak entzun gabe egin delako". Horregaz batera, ezberdinen arteko akordioen beharra azpimarratu zuen, "hortik azaleratuko baitira aldaketarik nabarmenenak Leioak gainditzeke dituen ikasgaietarako".  

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun