EUROPAKO MUGIKORTASUN ASTEA

Ekintzak egingo dituzte leioaztarrek autoa etxean utzi eta hiriaz oinez goza dezaten

Ander Zarraga 2023ko ira. 15a, 08:00

Irailaren 16an Oinezkoen Pausora martxa egingo dute eta 22an Haur Ibiltarien Topaleta izango da Errekalde plazan. © HERRIGUNE LEIOA

Leioak bat egingo du irailaren 16tik 22ra egingo den 2023ko Mugikortasunaren Europako Asteagaz. Ekimen horren helburua da adin eta baldintza guztietako bizilagunak elkartzeko gune bat sortzea, herriko kaleez gozatzeko, irisgarritasunaz hausnartzen den bitartean. Horretarako, besteak beste, XIX. Oinezkoen Pausora martxa eta Haur Ibiltarien Topaketa egingo dituzte.

Eskualdeko beste udalerri batzuk bezala, aurten ere, Leioak ere bat egingo du irailaren 16tik 22ra egingo den 2023ko Mugikortasunaren Europako Asteagaz. Horretarako antolatutako jarduerak zapatuan, hilak 16, hasiko dira XIX. Oinezkoen Pausora topagune osasungarri eta dibertigarriagaz

Aurten, "Leioak hunkitu egiten du!" lelopean egingo dute martxa, edizio honetako berrikuntzetako bati erreferentzia eginez; izan ere, kartografia emozionala deritzon jokoa egingo dute hiria zaintzearen, bizitzearen eta sentitzearen garrantziaz ohartarazteko. Horretarako, parte-hartzaileak ibilbidean seinalatutako lau puntutan –Mendibilen, Pinosolon, Ondizen eta Umeen Kontseiluan– geldituko dira, gune horiek sentiarazten dietenaren garrantziaz hausnartzeko. Martxa 11:00etan abiatuko da, Sakonetako Kiroldegitik, baina, ohi bezala, abiapuntura denbora nahikoagaz iristea gomendatu dute.

Eskola Bideak

Irailaren 22an, barikua, urtero bezala, eta Mugikortasunaren Europako Astearen testuinguruan, Haur Ibiltarien Topaketa egingo dute Errekalde plazan, 10:00etatik aurrera. Eskola Bideak deritzon proiektuan parte hartzen duten hiriko ikastetxeetako Lehen Hezkuntzako 4. mailako ikasleen arteko topaketa da ekimen hau.

Eskola Bideak Leioako adingabeak beren ikastetxeetara oinez joan ahal izateko pentsatu, zaindu eta berrikusita dauden ibilbide-sarea da. Artatza, San Bartolome, Txomin Aresti, Mercedarias, Betiko eta Irlandesaseko 225 ikaslek hartuko dute parte, eta, joko ezberdinen bidez, proiektua hobetzeko gomendioak edo proposamenak egiteko aukera izango dute.

Iban Rodriguez Leioako alkateak nabarmendu duenez, "ziur gaude lagunekin eskolara oinez joateak onura handiak dituela haurrentzat; osasunerako, sedentarismoa eta autoaren erabilera murrizteko, harreman eta sozializaziorako, sare edo lotura komunitarioak sortzeko, besteak beste".

Halaber, jarduera hori bat dator Autorik gabeko Egunagaz, eta eguneroko bizitzan ibilgailu pribatuaren erabilera arrazionala sustatzeko eta oinezkoentzako lekua berreskuratzeko asmoz, Avanzadako alboetako ibilgailuen zirkulazioa etengo dute, eskola-umeak elkartzen diren bitartean, 09:00etatik 12:30era.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun