Arrigorriagako Lonbo aretoa bertsozalez lepo egon zen domekan egin zuten Bizkaiko Bertsolari Txapelketako hirugarren kanporaketan. Kantatzen aritu ziren sei bertsolarien puntuazioak horrela geratu ziren: Iruri Altzerreka Martinez (475 puntu), Josune Aramendi Perez (470), Lurdes Ondaro Mallea (453), Garikoitz Sarriugarte Onaindia (441), Inazio Vidal Gurrutxaga (436,5) eta Iker Uriarte Urrutia (431).
Emaitza horregaz, Altzerrekak zuzenean eskuratu zuen finalaurrekoetan aritzeko pasea; aldiz, gainontzeko bertsolariak puntuazioaren arabera sailkatuko dira hurrengo faserako.
Saio horretan, Igor Menika Bengoetxeak egin zituen gai-jartzaile lanak eta epaileak honako hauek izan ziren: Ainhoa Arregi Elosua, Beñat Romero Maguregi, Garazi Mendoza Agirre, Graxi Arregi Leonardo, Iñaki Aurrekoetxea Arkotxa eta Mirari Azula Aurrekoetxea. Idazkari beharretan Itziar Basterretxea Olarreaga egon zen.
Hurrengo kanporaketa Erandion
Urriaren 22an, Erandioko merkatu zaharrean egingo dute txapelketako laugarren kanporaketa. Bertan arituko dira, besteak beste, Imanol Uria Albizuri, Paule Loizaga Larrea eta Unai Mendiburu Valor Algortako Bertsolaritza Eskolako kideak.
Saioa 17:00etan hasiko da eta bertsolariek honako lan hauek egin beharko dituzte: hiruna bertso ofiziotan zortziko nagusian, hiruna bertso ofiziotan zortziko txikian, bakarkako lana: puntua emanda bertso bi zortziko txikian, hiruna bertso ofiziotan hamarreko txikian, eta bakarkako kartzelako lana: gaia emanda, bertso bi doinu eta neurri librean.
Idoia Anzorandia Kareaga arituko da gai-jartzaile lanetan eta saioko irabazleak ziurtatuta izango du finalaurrekoetarako pasea; gainontzekoek, puntuazioaren arabera edukiko dute finalaurrekoetara pasatzeko aukera.