Pandemiaren ostean egin zuten Ekin Leioa lehen deialdiaren emaitza izan zen herrian osatu zuten zahartze osasungarria eta jasangarrirako auzo-sarea. Orain, Ekin Leioaren bigarren edizioan, herritarrek daborduko aurkeztu dituzte beraien proposamenak, baina horien artean aukeratua izango dena erabakitzeko prozesuan daude.
Bigarren deialdia irailean hasi zuten, eta, guztira, herritarrek hainbat motatako 98 proposamen aurkeztu zituzten. Behin horiek jasota, prozesuaren bigarren faseari ekin zioten urriaren 19an egin zuten Behatze Saioan. Gainera, egun horretan leioaztarrakaz bideoak ere grabatu zituzten Erronka Kolektiboen Mapa osatzeko eta beste herritarrei parte hartzera gonbidatzeko.
Mapa hori partekatzeko eta prozesua egiteko, ekimena garatzen ari den Herrigune Leioak horren berri emateko plataforma bat ahalbidetu duela azaldu du. Horretan, batetik, herritarren ideien egingarritasunaren arabera semaforoko koloreakaz sailkatu dituzte, eta, bestetik, plataforma baliatuz zinegotziei eskatu diete herritarren proposamenei erantzuteko.
"Kasu batzuetan, herritarrek egindako erronka kolektiboak Udalak bideratuta daude, beraz, larajaz sailkatzen ditugu eta aukeratu gabe geratzen dira, baina gonbidatzen diegu horretaz arduratzen den Udaleko taldeagaz harremanetan jar daitezen", azaldu dute Herrigune Leioako kideek. Aitzitik, gorri kolorekoak ez dira egingarriak, ez dituztelako arauak betetzen, ez direlako Udalaren eskumenekoak edo beste bide batetik jorratu behar direlako.
Aldiz, berde kolorez sailkatu dituzten 21 proposamen egingarriak herritarren artean eztabaidatu beharko dituzte, eta, hausnarketa-prozesu baten ostean, abenduaren 13an egingo duten topaketan horien artean bat aukeratu beharko dute; izan ere, erronka kolektibo guztietatik bakarrak egingo du aurrera. "Ideia hori hurrengo bi urteetan landuko da Udalarekin batera, epe luzerako egitasmoa delako eta erakundeen denborek ere epe luzeagoak behar izaten dituztelako", zehaztu dute Herrigunekoek.
Urtarrilean, hautatutako erronka kolektiboa aurrera eramateaz arduratuko den talde motorra ere osatuko dute. "Beti saiatzen gara talde hori ahalik eta heterogeneoena izatea, gizarteko talde guztiak har ditzan", azaldu dute antolatzaileek. Horren lana izango da ideiaren egingarritasuna aztertzea, eta, horretarako, besteak beste, Udaleko politikariakaz eta teknikariakaz elkartuko dira. Prozesuak hiru fase izango ditu: egitasmoa aurkeztea, ikuspuntuak eta oharrak partekatzea eta, azkenik, beharrezkoa bada aurrekontu parte-hartzaileetan sartzea hori gauzatzeko.