Nolakoa izango da Waterpoloko Lehen Maila mantentzeko borroka?
JON LOPEZ: Ez da erraza izango, aurkari indartsuak ditugu eta partida batzuk etxetik urrun jokatu behar ditugu, baina, behintzat, martxoan jokatutakoak irabazi genituen eta, beraz, momentuz ondo gabiltza.
Nolakoa da gaur-gaurkoz lehen taldea?
UXUE HERNANDEZ: Aurtengo taldea izugarria da: adin askotako jokalariak ditugu, gazte asko igo dira eta oso harreman ona daukagu gure artean, igerileku barruan zein kanpoan. Gainera, egoera zail honetan egoteak gehiago batu gaitu. Jokalari gehienok leioaztarrak edo ingurukoak gara, eta horrek ere laguntzen du.
Uxue, zuk nesken haurren eta kadeteen taldeak ere entrenatzen dituzu, nola bizi duzu hori?
U. H.: Denbora asko pasatzen dut igerilekuan, batzuetan arratsalde osoak, baina asko gustatzen zaidanez, ez dit ardura; ni pozarren nator. Entrenatzen ditudan neska gehienak txikitatik daramate taldean, klub honek asko harrapatzen baitu, eta nire ilusiorik handiena izango litzateke taldean jarraitzea eta etorkizunean nigaz jolastea lehen taldean.
Taldearen ezaugarrietako bat harrobi indartsua duzuela da, ezta?
J. L.: Hau benetako harrobiko klub bat da, hasieratik horrela egin izan dugulako ere. Lehenengo taldean beti egoten dira aldaketak, ez baikara profesionalak, eta heltzen da momentu bat lanagatik edo familiagatik ezinezkoa dela hemen jarraitzea. Zorionez, harrobian hasitako askok lehen taldean amaituko dute. Haria ez etetea da gure helburua. Hainbat txapelketatan egon gara, eta emaitza oso onak lortu ditugu, baina egindako lanaren ondorioa da hori.
Eta harrobia bermatuta dago?
U. H.: Bai, uste dut baietz. Jokalari asko daude beheko kategorietan, bai nesken eta bai mutilen taldeetan, eta helburu horregaz jarraituko dugu, beraiek ere etorkizunean lehen taldean egon daitezen. Nagusiok jokatzen dugunean ilusioz beteta etortzen dira gu ikustera. Txikitan izan nituen erreferentziazko jokalariak bezala, orain, beraiek gu jarraitzen gaituzte eta gugaz jokatu gura dute.
Leioan badago waterpoloarekiko zaletasun berezirik?
U. H.: Egia da hemen ez dela asko jokatzen den kirol bat, baina Leioan bi talde gaude: Askartzakoa eta gu; beraz, zerbait berezia egongo da.
J. L.: Bai, gainera, harrobi esanguratsuak ditugu biok, gu ia 200 pertsona gabiltza taldean. Hori asko da dauzkagun azpiegiturak ikusita, Sakonetako igerilekua oso txikia baita, bai waterpoloan jokatzeko, baita leioaztarrentzat ere, hemen ez garelako sartzen igerilekua erabili nahi dugun guztiok. Horrek meritu gehigarria ematen dio egiten dugun lanari. Herri batzuek bere kirol fetitxeak izaten dituzte, eta nik uste dut.
Bukatzeko, zer esango zenukete eman dizuela waterpoloak?
U. H.: Klub hau familia bezalakoa da. Igerilekura heldu eta entrenatzaileakaz eta taldekidekaz nagoenean, kanpoko arazoak ahaztu egiten ditut.
J. L.: Nire bizitza waterpolorik gabe imajinatzea zaila iruditzen zait; lau urte nituenetik daramat hemen. Egindako lanaz oso harro nago, epe luzerako zerbait egin nahi nuelako eta hazi hori loratu egin delako. Etorkizunera begira ere panorama ona da: ume txikiak, familiak, entrenatzaile berriak
eta ilusioa daude.