Osasuna, umeentzako parkeak estaltzea eta udalerria edertzea izan dira leioaztarrek aurrekontuetarako hobetsi dituzten proiektuak

Ander Zarraga 2024ko mai. 27a, 10:41

Aurtengo Aurrekontu Irekien bozketa-prozesua apirila eta maiatza bitartean egin dute. © LEIOAKO UDALA

Leioaztarrek zortzi proiektu aukeratu dituzte Aurrekontu Irekiak programari esker, 2025eko Udaleko kontuetan sartuko dituztenak. Egitasmoak bere lehen fasean jaso zituen 986 proposamenetatik udal-arduradunek 10 aurrez aukeratu zituzten, bideragarritasun ekonomiko eta teknikoagatik, edo udalerriarentzako zuten interesagatik 

Apirilaren 30etik maiatzaren 14ra bitartean egin ziren proposamenen bozketetan 603 herritarrek parte hartu zuten, eta 800.000 euro inguruko kostua izango duten zortzi proiektu aukeratu zituzten.

Horrenbestez, hauek izango dira 2025eko Udal Aurrekontuetan sartuko dituzten egitasmoak, lortutako botoen hurrenkeran: osasuna sustatzeko proiektuak (30.000 euro), umeentzako parkeak estaltzen jarraitzea (500.000 euro), kanpoko gimnastika-elementuen diagnostikoa eta hobekuntza (kalistenia eta parke bioosasungarriak) kirol-jarduera sustatzeko (40.000 euro), fatxadak horma-irudiak eginez edertzeko proiektua (100.000 euro), kontzientziazio eta gizabidezko jarrera kanpainak (45.000 euro), animaliakaz egindako terapia-jarduerak (15.000 euro), stoa ixteko proiektua (60.000 euro), bizikletak aparkatzeko aparkalekuak (150.000 euro).

Hasieran batean, Aurrekontu Irekietarako partida 800.000 eurokoa zen, baina udal-iturriek jakitera eman dutenez, gobernu-taldea aurrekontua 940.000 euroraino handitzea erabaki du, planteatutako proiektuen interesa dela eta. Gainera, Udalak beste 200.000 euro inbertituko ditu umeek Leioako Haurren Kontseiluaren bitartez helarazten dituzten ideietarako.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun