Leioa prest dago 2024ko San Juan jaiak ospatzeko, baina pregoia irakurri eta txupina jaurti baino lehen, barraken irekierak emango die hasiera 2024ko San Juan jaiei. Hurrengo barikuan izango da, ekainaren 14an, 19:00etatik aurrera. Egun horretan bertan, jaietako programazioak ere lehen bi kultur proposamenak hartuko ditu: bata, Kultur Leioan, Txalo Produccionesen Monólogos de la Vagina lanagaz, eta bestea, Aldapa Auditorioan, Coria Castillo & Sergio Encinasen bakarrizketagaz.
Jaietako egun berezienetako bat Antzinako Eguna izango da beste behin, ekainaren 15ean, zapatuan, ospatuko dena. Kuadrillentzako eguna izango da hori, eta, besteak beste, paella-lehiaketagaz eta Barandiaran institutuko herri jokokaz ederto pasatuko dute. GOTx Elektrotxarangak Sabino Aranan eta OXABI Erromeriak txosna-gunea girotzeaz arduratuko dira.
Berrikuntza gisa, aurten, Trenbidearen Lagunak, Automobil Klasikoak ACE eta MANTRA klasikoak, Retromobil eta Antzinako Autoen Euskal Federazioak, besteak beste, tren-maketen, kotxe deskapotableen eta motoen erakusketa bat antolatuko dute Kultur Leioako anbiguan eta Jose Ramon eta Errekalde plazetan. Azulito autobus mitikoa ere ikusgai egongo da Jose Ramon Aketxe plazan.
Horrez gain, ekainaren 16an, domekan, besteak beste, Jota Txapelketaren XXII. aldia egingo dute udaletxeko plazan.
Jaietako txupina botatzeko unea iritsi bitartean, ekainaren 19an, eguaztenean, San Juan saskibaloi txapelketa ere izango da, Leioa Saskibaloi Taldeak antolatua Txomin Aresti Ikastetxean, eta, gainera, Haur Eguna izango da barraketan.
Txupinaren jaurtitzea
Eguenean, hilak 20, 19:00etan iritsiko da festetako gehien espero den momentuetako bat, txupinaren jaurtitzea, horrek emango baitie hasiera ofiziala jaiei eta herritar guztientzako prestatutako egitarauari. Mari Pepa eta Arlote aurten GKG kuadrillak ordezkatuko ditu, eta pregoiaren eta txupina bota ostean, Elexalde, Iparragirre eta Sabino Aranatik igaroko diren kuadrilen jaitsierari hasiera emango diote.
Egun horretan, 19:00etan txosnak ere irekiko dituzte, eta musika animazioa Oihan Vega eta Candyren eskuetatik helduko da Jose Ramon Aketxe plazara, baina eguneko plater nagusia Esne Beltza taldearen kontzertua izango da Lehendakari Agirre plazan.
Barikuan, ekainak 21, umeentzako jardueretarako eta adindunentzako denbora egongo da. Ez dira faltako jaiegun guztietan garatuko diren kuadrilen arteko jokoak ere. Egun berean, 20:00etatik aurrera, Leioako Euskal Kirol Zaleak elkarteak antolatuta, Euskal Kirolaren Eguna ospatuko dute. Eguneko kontzertua Doctor Deseorena izango da.
Hurrengo egunean, zapatuan, ekainaren 22an, kuadrillen arteko jarduerek jarraituko dute, txapelketa gastronomikoakaz eta herri kirolakaz, besteak beste. Txikienentzako jarduerak ere egongo dira. Aldapa auditoriumeko musika Los Chimberos eta Leioako Musika Bandaren eskutik etorriko da Jose Ramon Aketxe plazan, txosna-unean Nerbioi Bulkada, TOC, eta Gozategi arituko dira. Lehendakari Agirre plazan Travelin ' Brothers leioaztarrek joko dute.
Ekainaren 23a, 12:00etan izango da Eizarurreko Aurreskua, udaletxearen aurrean, Errekaldeko Jubilatuen Etxeko Abesbatzagaz eta Orpheo Ganbera Abesbatzagaz. Bertso-eguna ere izango da, June Diaz, Jon Maia, Unai Iturriaga eta Maddalen Arzallus bertsolariakaz eta Gure Ohiturak Dantza Taldeak antolatutako dantza eta erromeria alarderako ere eguna ere izango da. Gauean, 22:30etik aurrera, San Juan gaueko ikuskizuna izango da Boulevardean eta Hortzmuga taldeagaz.
Jaien azken egunean, ekainaren 24an, astelehena, umeentzako eta familientzako emanaldiak, txokolatada txosna-gunean eta Aldapako 5. erreserbaren musika nabarmentzen dira. Jaien amaierako traka Boulevarden izango da 22:30ean.
Aldiz, ekainaren 25a, martitzena, umeen eguna izango da barraketan.