Pilotari leioaztarrak txikitatik darama frontoian sartuta, Leioako Eskupilota Eskolan hasi zen, eta, besteak beste, Leioako Atxiki Pilota Elkarteko herri-txapelketak antolatzen dabil gaur-gaurkoz. Horrez gain, hiru urte daramatza Bizkaiko selekzioko trinketeko hautatzaile moduan, eta aurten lehen aldiz aritu da Euskadiko Euskal Pilota Federakuntzan.
Horri esker, apirilean, Eskupilotaren Nazioarteko Konfederazioak (CIJB) Portugalen antolatu zuen Europako Txapelketara joan zen hautatzaile eta entrenatzaile lanak egitera. Leioaztarrak aitortu du lana ez dela erraza izan, "guretzat hain ohikoak ez diren estiloetan aritu garelako", eta, horren eraginez, ez da hain seguru sentitu entrenamenduak antolatzeko eta erabakiak hartzeko orduan, "eta presioa handiagoa izan da, baina, hala ere, oso gustura egon naiz".
Uribek esan bezala, txapelketa horretan, Europako beste herrialde batzuetan jokatzen diren eta gurean hain ezagunak ez diren eskupilota estiloak jokatu dituzte: Internazionala, One Wall, Llargues edo Valentziako pilota eta autoktonoa, aurtengo kasuan, pilota portugaldarra.
"Ez dira guk ezagutzen dugun euskal eskupilota bezalakoak, eskuz jokatzen dira bai, baina ez dira guk ezagutzen dugun frontoian jokatzen, oso ezberdinak dira", azaldu du leioaztarrak, zehaztuz historian zehar pilotak oso bilakaera desberdina izan duela Europako herri bakoitzean. Adibidez, Herbehereetan, beraien modalitatea, ligak eta kategoriak dituzte eta Italian edo Irlandan ere bestelako eskupilota jokatzen dute, "eta zer esanik ez dago Valentziako pilotari buruz, han oso ospetsua da".
Emaitzei dagokienez, horiek "oso onak" izan zirela azpimarratu du hautatzaileak: "Selekzio bakarra izan ginen domina modalitate guztietan lortu zuena, emakumezkoetan txapelketa ia guztietan urrea eta gizonezkoetan hiru brontze eta urre bat lortu genituen. Sentsazioak oso onak izan ziren eta onenekin lehiatzeko moduan gaudela ikusi genuen".
"Euskal selekzioa ofiziala den txapelketak baliatu behar ditugula uste dut, gogorarazteko hemen gaudela, euskal kirolariak maila eta gogo aldetik indartsu daudela eta badagoela federazioa bat ofizialtasunaren alde lan egiten duela. Ofizialtasuna aldarrikatzeko, pentsatzen dut euskal selekzioak oihartzun gehiago izan beharko lukeela halako txapelketetan aritu eta gero, eta CIJBk egiten duen lana ere gehiago goraipatu beharko litzatekeela", adierazi du Uribek.
Binakako finalak Leioan
Leioara bueltatuta, pilotariak gogoratu du domekan, ekainaren 23an, Leioako sanjoanakaz batera, Atxikik antolatzen dituen binakako eskupilota eta emakumezkoen pala txapelketetako finalak jokatuko dituztela; Leioako udaletxeko frontoian izango dira, 19:00etatik aurrera.
Zehaztu duenez, aurten, 60 bat bikote aritu dira eskuzkoan, eta hainbat emakumek ere parte hartu du palako txapelketan. "Azken horrek meritu handia duela uste dut kontuan izanda Algortan egiten den San Nikolaseko txapelketarekin kointziditzen duela. Hori ibilbide luzeko hitzordu historikoa da, eta, hala ere, hemengo neskek lehiaketa antolatzera ere animatu dira eta jendeak erantzun du", azpimarratu du.