Elkarrizketak

Basilio Astulez: "Musikan dabiltzan pertsona guztiek kantatu beharko luketela uste dut"

Ander Zarraga 2024ko ira. 12a, 13:07

Leioa Kantika Korala 10 eta 18 urte areko 40 neska-mutilek osatzen dute. © BASILIO ASTULEZ

Bere bizitza "entsegu baten modukoa" dela dio Basilio Astulez koru-zuzendariak eta irakasleak. Ikasturte berria prestatzen dagoela, Leioa Kantika Koralagatik eta bere lanagatik galdetu diogu.

Leioa Kantika Koraleko sortzaile eta zuzendaria izateagatik zara ezaguna eskualdean, baina bestelako proiektuak ere gidatzen dituzu.

Bai, horrez gain, Leioako San Juan Bautista parrokia-koruko zuzendaria ere banaiz. Betidanik Leioan egon da hori, baina duela urte batzuk Leioako udal-kontserbatorioak hartu zuen horren gerentzia. Adin ezberdinetako pertsonez zegoen osatuta, eta 2008. urtean Kantikari lotu genuen; esan daiteke Kantikako helduen abesbatza dela, Kantikan aritu diren 18 eta 25 urte arteko 40 gazte inguruk osatzen baitute. Nik beti esaten dut direla familia berdineko bi gela desberdin: zuzendaritza, gerentzia, prestakuntza berdinak dira, eta asko umeen abesbatzatik helduenera pasatu dira.

Gasteizen ere emakumezkoen Vokalia taldeko zuzendaria naiz. Euskal Herriko, Errioxako edo Burgoseko kantariak dituen talde berezi bat da hori. Horrez gain, Musikene Euskal Herriko Goi Mailako Musika Ikastegian ere irakasten dut koru zuzendaritza. Unibertsitateko edo goi mailako kontserbatorioan zuzendari bezala aritu nahi duten gazteen prestakuntzaz arduratzen naiz unibertsitateko lau urteko graduan. Lagunei esaten diedan moduan, "nire bizitza entsegu bat da", horretan nabil egunetik egunera. 

"Batzuetan emailak kortseak baino gehiago dira, eta musikari moduan naiz eta musika maite, eguneroko gestioari ere hainbat ordu dedikatu behar dizkiot. Orain dela urte batzuk konturatu nintzen zenbat eta kudeaketa hobeagoa izan, orduan eta emaitza hobeagoak lortzen dira oholtza gainean"

Baina zure bizitza profesionalean dena ez da musika, zuzendari moduan, hain ikusgarriak ez diren bestelako hainbat zeregin ere izango dituzu.

Bai, guzti horren atzetik dagoen logistika ere derrigorrezkoa da. Ez da bakarrik entsegu on bat egitea, taldearen inguruan dauden aldagai guztiak ere kontutan hartu behar dira: gelaren kokapena, kontzertuaren antolakuntza, programaren aukeraketa, bidaien elementuak… Antolakuntza zuzenean egitea edo hori gainbegiratzea ere bada nire lana; batzuetan emailak kortseak baino gehiago dira, eta musikari moduan naiz eta musika maite, eguneroko gestioari ere hainbat ordu dedikatu behar dizkiot. Orain dela urte batzuk konturatu nintzen zenbat eta kudeaketa hobeagoa izan, orduan eta emaitza hobeagoak lortzen dira oholtza gainean.

Guk abeslari amateurrekin egiten dugu lan, horregatik, batzuetan, ikuspuntu soziala, hezkuntzakoa, psikologikoa edo lidergoa eszenatokiaren gainean egiten diren mugimenduak baino garrantzitsuagoak dira. Horren inguruan sortzen diren sinergiak, elkartasuna edo konpromisoak bere emaitzak ditu garapen teknikoan. Ez da existitzen gaizki moldatzen diren kantarien talde on bat. Egiten dugunaren gakoa hor dagoela uste dut.

Abeslari amateurrak diozu, baina Kantikagaz lortu dituzuen emaitza eta errekonozimenduak profesional askoren ametsa ere izan zitezkeen. Horren adibide dira jaialdi handietara mundu osotik egiten dituzuen bidaiak.

Bai, hori nahiko berezia da, azken batean, haur-gazte abesbatza da, eta ez dago profesionaltasunaren kontzeptua, baina batzuetan, haur eta gazte horiei eskatzen dizkiegun emaitzak eta konpromisoa ezagutzen ditudan talde profesional askotakoa baina handiagoa izan daiteke; beraiei eta baita beraien familiei ere. Pentsa, udan Taipein (Taiwan) egon gara 14 egunez eta zortzi kontzertu eta hainbat masterclass izan ditugu. Pentsatu nahi dut ume horien esperientzia oso polita izan dela, baina oso gogorra ere bada: egunetik egunera kantatu, hotelera joan, ez atera, beste nonbaitera joan abestera, zaindu ahotsa… Ez da beti hain erraza, guk emaitza profesionalak eskatzen dizkiegu, baina gogoratu behar dugu haurrak eta gazteak direla.

Beti pentsatzen da haur abesbatza nagusien harrobia bezalako bat dela. Gu saiatzen gara haurrei eduki pila bat ematen, gero nagusiak direnean, beste abesbatza batean daudenean ondo kantatzeko. Ni hemen saiatzen naiz horren aurka egiten, nire helburua da 14 edo 16 urte dituztenerako ibilbide luzea izatea. Beraiek uste dutena baino askoz gehiago dakite eta esperientzia horiei esker, konturatu ez arren, musikalki asko hobetzen dira, eta hainbat gaitasun lortzen dituzte.

Nola lortzen da sinergia hori ikasturtez ikasturte mantentzea?

Justu aste honetan horretan nago: irailero bezala, ezer ez dakiten 10 urteko bost kantari berri sartu dira koruan, eta 20 edo 22 urteko kantari nagusienak eta hoberenak joan egin dira. Urrats hori oso gogorra da, ume horiek oraindik ez dakitelako ia ezer, eta ez dakizu nola joango den; eta ez dakizu urte batzuetara nolakoak izango diren. Horregatik, saiatzen naiz taldearen % 80 ez aldatzen urte batetik bestera; nik urte bi barru egingo den jaialdi batean izena eman dezaket orain, baina ez dakit ordurako nolako taldea izango dudan. Ni ere urteekin ikusten joan naiz ziurgabetasun horren aurrean prest egoteko modu bakarra lan egitea dela. Orain arte, sinergia hori mantentzea lortu dugu, baina nork daki emetik bi urtera zer gertatuko den. Batzuetan, horrek ez dit uzten lorik egiten, baina gustatzen zait, beti prest eta argi egotera behartzen nauelako, eta arazorik badago hori aurkitzeko prest egon behar duzulako. Hori oso polita da.

Sinergia hori mantentzeaz gain, urtez urte ikuskizuna berritzeko lana ere badaukazu, nolakoa da hori?

Prozesu oso polita da, koruko haurrak eta gazteak oso-oso sortzaileak izan daitezke eta horrek asko ematen dit zuzendari bezala. Ni saiatzen naiz beraien ikuspuntua eta sormena bideratzen eta proposamenak onartzen. Ez da egun batetik bestera lortzen den gauza bat, hezkuntza asko ere behar baitu, baina lortzen denean, oso gauza aberasgarria da. Adibidez, urriaren hasieran, Burdeosera goaz, baina ikasturtea oraintsu hasi dugu, eta umeak oporretan egon dira, beraz, nik ezin dut aste batzuetan errepertorio berri bat sortu. Horregatik, lehendik erabili ditugun gauzak hartuko ditugu, baina ukitu berri batekin, beraiek izan dezaketen freskotasun horrekin. Prozesu hori ere oso berezia da, baina gogorra ere bai, sartu berri diren umeek badakitelako ez direla aurten Suitzara edo Lituaniara egingo ditugun bidaietara etorriko, ikaste-prozesua bete behar dutelako lehenengo.

"Gizartea aldatu egin da eta guzti horri buelta bat eman behar zaio, eta abesbatzari ere kontzeptu hori ere aplikatu ahal zaio: zuk ezin duzu betirako bizirik mantendu zuri-beltzez jantzitako 40 pertsonen koru bat, irribarre bat bera gabe, eliza batean abesten. Hori ez da erakargarria eta mugitu egin behar gara, bide asko daude, baina saiatu behar gara erakargarriak eta konpetitiboak izaten"

Beraz, esan daiteke diziplina asko exijitzen diezula zure ikasleei?

Eguneratutako, diziplinaren kontzeptu bat da. Ezin ditugu duela 20 edo 40 urteko baliabideak erabili, gaur egungo gazteak ere aldatu direlako. Batzuetan, musika klasikoaren inguruan ikusten dut irakasle batzuk saiatzen direla baliabide horiek aplikatzen, baina hori oso gogorra da, eta agian lehen baliagarriak ziren kontzeptuak gaur egun ez dute balio: egunero ordu bete pianoaren aurrean behin eta berriro berdina errepikatzen aritzen egoteak ez du balio. Gizartea aldatu egin da eta guzti horri buelta bat eman behar zaio, eta abesbatzari ere kontzeptu hori ere aplikatu ahal zaio: zuk ezin duzu betirako bizirik mantendu zuri-beltzez jantzitako 40 pertsonen koru bat, irribarre bat bera gabe, eliza batean abesten. Hori ez da erakargarria eta mugitu egin behar gara, bide asko daude, baina saiatu behar gara erakargarriak eta konpetitiboak izaten. Ez bakarrik gaztetxoekin lan egiteko, adin eta esparru guztietan egin behar dugu aldaketa hori: sozialki, afektiboki, familiarki… Abesbatzetan ere horretan ari gara, batzuetan hobeto joan zaigu, eta besteetan akatsak egin ditugu, baina gauza saiatzea eta berezia izateko bide berriak bilatzea da.

Koloreak aipatu dituzu. Kantikaren bereizgarrietako bat da kolorearen erabilera oholtza gainean. Zentzuren bat dauka?

Ortzadarraren koloreak dira eta barruan gertatzen denaren metafora bat izan nahi du. Kolorea jarri nahi diogu errepertorioari, bidaiei... Nik beti esaten dut saiatzen naizela taldea izan dadila babes-eremua; berdin dio nolakoa zaren, lekua izango duzu. Kantariei zein gurasoei beti esaten diet beraiei eman ahal diedan altxorrik garrantzitsuena korukideak direla. Korukideak izatea itzela da, kantatzen duzunean, edertasuna eta sentsibilitatea astero maneiatzen dituzulako, eta, batzuetan, begirada bat nahiko izaten da elkar-ulertzeko. 18 edo 10 urteko neskak eta mutilak elkarrekin kantatzen daude eta lagunak dira eta elkar errespetatzen dute. Hori kanpoan ez da ematen, eta nik uste dut oso berezia eta osasuntsua dela. Pentsa daiteke koru batean abestea gauza oso akzesorioa dela, baliagarriagoa dela txinoa, robotika edo ingelesa ikastea, baina benetan sinesten dut gazte hauei ematen diena izugarria dela, eta ikusten dut benetan gazte jatorrak, pertsona politak eta konprometituak direla. Ez da nire meritua, beraien lanaren emaitza baizik, eta loratze hori ikustea itzela da.

Uste duzu musika ikasten duten umeek korua ere ikasi beharko luketela?

Bai, eta esango nuke musikan dabiltzan pertsona guztiek kantatu beharko luketela. Azken batean, ahotsa da gure barruan daukagun instrumentu musikal bakarra, eta pertsona guztiok kantatzen dugu, ez dago hori baino espresio artistiko sakonagorik, eta pentsatzen dut hori taldean egitea jarduerarik indartsuena eta osasuntsuena dela. Pertsonen heziketarako, inguruko munduaz ohartzeko osagarri oso ona cz koru batean kantatzea. Gainera, hori da euskaldunok betidanik gure DNAn izan dugun zerbait; hiru euskaldunek orfeoia bat osatzen dutela esan ohi izan da. 


Kantikaz gain, Astulez Leioako San Juan Bautista koruko zuzendaria ere bada. © BASILIO ASTULEZ

Zer iritzi diozu autotuneari?

Nire mentalitatea oso zabala da, beraz, aurrera horrekin ere. Kantikako nire kantari batzuk reggaetoia ari dira egiten eta niri oso ondo iruditzen zait. Arazoa ikusten dut batzuetan horrelako fenomenoak ez direla seriotasun batean oinarritzen, bakarrik irudian eta itxuran oinarritzen dira, eta horrek zalantzak sortzen dizkit. Aitzitik, ez nago fenomeno horren guztiaren aurka, ezta inondik ere. Hala ere, ikastea, lantzea eta sakontzea ezinbestekoak direla uste dut, eta horrek beste bide batetik eramaten bazaitu, aurrera. Batzuetan, ikusten dena de teknologiak gure gaitasun falta guzti horiek estaltzen dituela, eta horrek zalantzak sortzen dizkit; ia gaur egungo kantari gehienek erabiltzen duten teknologia bat da, baina ez baldin bazara gai zerbait polita egiteko tresna artifizialak erabili gabe, horretan ni ez naiz oso eroso sentitzen. 

Aurtengo denboraldirako zer prestatu duzue?

Kantikarekin buru-belarri gabiltza: urrian, Burdeosera goaz; azaroan, Lituaniara; abenduan, Bartzelonan bi kontzertu eskainiko ditugu eta maiatzean, Suitzara. San Juan Bautista koruarekin ere bizpahiru kontzertu izango ditugu Euskal Herrian eta Bilbaoko Udal Musika Bandarekin eta Bilboko Orkestra Sinfonikoarekin ere.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun