SOS Kurkudi plataformako kide den Alberto Santo Tomasek HIRUKAri azaldu dioenez, "Udalak atzera egingo du, lursail horiek birkalifikatzeko 2023ko urriaren 26an aurkeztu zuten ingurumen-ebaluaziorako txostena iraungita zegoelako; txosten hori 2018 egin zuten, baina lau urteko iraupena bakarrik du". Plataformak Bilboko administrazioarekiko auzitegira eraman zuen Leioako Domingotarren komentu zaharra urbanizatzeko HAPOren aldaketa puntuala.
Santo Tomasek azaldu du Udalak atzera egitea onartu beharko duela biharko, irailaren 26ko osoko bilkuran. Gainera, prozesuagaz jarraitu nahiko balu, hori hutsetik hasi beharko lukeela, "baina Europako legea asko gogortu da zentzu horretan, eta, orain, eremu hori babesteaz gain, berrezarri ere egin beharko lukete". Horregaz batera, azpimarratu du beraiek aurkeztutako demandan beste hainbat gai ere zeudela, "epaiketarik egin ez denez, kontutan hartu ez direnak".
Erabakia biharko, irailaren 26ko, Udalbatzan onartu beharko dute. Horretan, SOS Kurkudi plataformako kideek hitza hartuko dutela ere iragarriko dute.
Dena den, plataformako kideak gogoratu du oraindik Kurkudi mendiak mehatxu gehiago dituela, hala nola Bolue eta EHU arteko errepidearen proiektua. "Guk lursail hori natural mantentzeko helburu daukagu eta horren alde egiten jarraituko dugu".