Leioako Udalak euskararen etorkizunari buruz hausnartzeko deia egin die herritarrei

Erredakzioa 2024ko urr. 29a, 15:54

Topaketak azaroaren 7an eta 28an egingo dituzte, Kultur Leioan, 18:00etatik aurrera.

Zeregin horretarako topaketa parte-hartzaile bi antolatu dituzte azaroan, Leioako euskararen egoerari eta erronkei buruz eztabaidatzeko, Euskara Sustatzeko Plan berriaren diseinuaren barruan.

Leioako Udalak eztabaida- eta hausnarketa-saio bi egingo dituela iragarri du, eta herritarrei horietan parte hartzeko deia egin die, udalerrian euskararen etorkizuna zehazteko. Euskara Sustatzeko Plana sortzearen baitan, Udalak topaketa ireki horiek antolatuko ditu azaroaren 7an eta 28an Kultur Leioan 18:00etatik aurrera. Lehenengoan, euskarak Leioan bizi duen egoera aztertuko dute, eta bigarrenean, berriz, plan berri horrek datozen urteetan euskararen erabilera indartzeko izango dituen erronkak aztertuko dituzte.

Saio hauetan parte hartzeko beharrezkoa izango da aldez aurretik izena ematea Udal Euskara Zerbitzura deituz edo euskarazerbitzua@leioa.eus helbidera mezu elektroniko bat bidaliz. Egitasmoaren helburua da datozen 10 urteetarako, 2034ra arte, estrategiak eta proiektuak zehaztea, pertsona euskaldun aktibo eta ahaldunduen komunitatea sustatzeko, eguneroko bizitzan bizikidetza eta euskararen erabilera bultzatuko dituen testuinguru eleaniztunean.

Prozesu hori Leioako euskararen egoeraren diagnostiko bategaz hasi zen, eta horretarako herritarren iritziak bildu zituzten formulario baten bidez. Saio horien bidez, Udalak plana herritarren ideiakaz eta itxaropenakaz aberastu gura du, komunitateak Leioa euskaldunago baten eraikuntzan aktiboki parte har dezan ahalbidetuz.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun