Taldekako lehiaketan maila horretara heltzea lortu duten gimnastak hauek dira: Araia Salazar, Eneko Lambea, June Orza, Naroa Ribeiro eta Julene Eraña, guztiak 18 eta 20 urte artekoak; Alba Lambea eta Judith Torralba dira taldeko entrenatzaileak. "Txapelketa nahiko zaila izan zen, Lehen Mailan lehiatzea oso zaila baita; hala ere, ondo pasatzea eta elkarrekin egotea zen benetan nahi genuena", gogoratu du Salazarrek. Bere aldetik, Eneko Lambeak onartu du ez zela euren txapelketarik onena izan: "Oso ona izan zen, baina ez onena; guk ondo egiteko, ondo pasatu behar dugu, baina hainbesteko tentsioarekin egoteak ez gintuen laguntzen; nik behintzat ez nuen hainbeste disfrutatu".
Euren lehiaketarik onena izan ez arren, Espainiako 18 talde onenak izan zituzten aurrez aurre eta, beraz, lorpena ez zen nolanahikoa. Lambea entrenatzaileak azpimarratu duenez, urtero zerotik hasten dira; izan ere, txapelketa txar bat eginez gero, kategoriaz jaitsi daitezke. "Hori gertatu zitzaigun, baina, denboraldi ona egin eta gero, Espainiako Senior Txapelketa irabazi eta Lehen Mailara bueltatu ginen". Hala ere, horri esker denboraldia beste jarrera bategaz hasi zutela gogoratu du Lambeak, "bagenekien galtzea zer zen, baina umore onarekin eta ondo pasatzeko helburuarekin joan ginen".
Abenduan, Iruñean egin zuten txapelketarako Ghostbuster filmeko abestiaren bertsio bat aukeratu zuten, hiru pilotakaz eta uztai bigaz egindako koreografia baterako. Gimnastek gogoratu dute Aladdin pelikulako abestiagaz emaitza oso ona lortu zutela aurreko txapelketan; beraz, beste film bateko musika eroatea erabaki zuten. Txapelketara zailtasun handiko muntaketa ikusgarria eraman zuten, originala, teknikoki ikusgarria eta primeran gauzatua.
"Bihotzetik"
Gimnastek denboraldi bi egiten dituzte urtero: urtarriletik ekainera, indibiduala, eta, irailetik abendura, taldeka. "Txapelketak antzekoak izan arren, taldeka egiten dugunean, tapizaren barruan adimen bakar bat bezalakoak izan behar gara, eta hori entrenatzen lortzen da bakarrik", adierazi du Eneko Lambeak. "Astean hainbat ordu entrenatzen ditugunez, benetan gustatu behar zaizun kirol bat izan behar da; bihotzetik egin behar duzu", gaineratu du Salazarrek. Ribeirok ere azpimarratu du konpromiso handia eskatzen duen kirol bat dela, bai entrenatzen duten ordu-kopuruagatik baita taldeagaz duten konpromisoagatik ere.
Sakoneta Gimnasia Erritmiko Taldeak izan dituen 40 urteko ibilbidean goiari eustea lortu duela goraipatu du Alba Lambeak: "Joko Olinpikoetara edo Espainiako txapelketetara joan diren gimnastak egon dira hemen, eta Lehen Mailan ere askotan lehiatu den taldea da, beraz, erreferentziazko kluba gara Bizkaian". Gainontzeko taldekideak ere bat datoz horregaz, eta aipatu dute beraien aurretik bertan aritu zen Saioa Agirre bezalako puntako kirolari bat dutela erreferentetzat; orain, eurak dira harrobia osatzen duten hainbat umeren eredu.