Martxotik abendura bitartean garatuko diren hainbat jarduera programatu ditu Udalak, besteak beste, osasun digitaleko, psikologiako eta hezkuntzako adituek emango dituzten hitzaldiak eta tailerrak. Landu beharreko gaien artean, honako hauek nabarmendu dituzte: pantailek garunean duten eragina, adin goiztiarretan pornografiarako sarbidea eta mendekotasun digitala. Gainera, kanpaina indartzeko, kartelak jarriko dituzte eremu publikoetan eta orri-markatzaileak banatuko dituzte udal-liburutegian, irakurketaren eta bizikidetzaren aldeko deskonexio digitala sustatzeko.
Egitasmoaren aurkezpenean, Iban Rodriguez Etxebarria Leioako alkateak teknologiaren erabilera ongizaterako funtsezkoak diren beste jarduera batzuekaz orekatzearen garrantzia azpimarratu du, hala nola kirolagaz, kulturagaz eta pertsonen arteko harremakaz. "Kontua ez da teknologia deabrutzea, modu osasungarrian kudeatzen ikastea baizik", adierazi du.
Martxotik abendura bitartean, Zentzuzko Erabilera eta Osasuna Saretzen, prestakuntza eskainiko dute Telmo Lazkanok eta Maitane Ormazalek. Saio horiek martxoaren 19, 20, 26 eta 27an izango dira. Horregaz batera, honako hitzaldi hauek ere eskainiko dituzte: Pornoa aro digitalean: klik bakarrera dagoen erotika, Raúl Marcos Estrada sexologoaren eskutik; Alberto Santolaria biologo eta dibulgatzaile zientifikoaren Burmuin, mugikorra eta adizioak; eta Sexualitatea era positiboan familientzako tailerra, non pornografia-kontsumoaren ondorio kaltegarriei aurre egiteko tresnak eskainiko diren.
"Leioa hezkuntzaren, osasunaren, ongizatearen, kulturaren eta kirolaren aldeko herria izatea nahi dugu, eta horregatik ari gara ekimen honetan lanean, aditu, elkarte eta tokiko eragileekin elkarlanean. Irakurketa, kirola eta aurrez aurreko harremanak funtsezkoak dira gure garapen pertsonalerako, eta kanpaina honek oreka ezinbestekoa dela gogorarazi nahi digu", amaitu du Iban Rodríguez alkateak.