Umorea behar-beharrezkoa daukagu egunotan, ez duzu uste?
Umorea eta arte eszenikoak orokorrean; kaleko arte eszenikoek mundua aldatzeko eta kohesionatzeko tresna oso erabilgarria direla uste dut. Gainera, kaleko ikuskizunek daukaten abantaila da edozein herritarrek topa ditzakeela kaletik; ez dago zertan sarrera bat erosi behar, artea gugana dator, plazetara eta kaleetara. Horregatik, hurbilagoak dira jendearekin.
Zein izan da urteotako bilakaera?
Lortu duen ospea da nire ustez esanguratsuena. Urtez urte Azokan lanean aritu diren lankide guztiek kalitatea jorratu dute, bai publikoarekiko begirunearen aldetik, baita kalitate gehiagoko eta handiagoak diren ikuskizunak ekarriz ere. Aipatu beharreko beste bilakaera garrantzitsu bat izango litzateke kaleko arte eszenikoek ere izan dutena: lehen, antzerki purua zegoen; aldiz, gaur egun, antzerkia, dantza eta zirkua fusionatuta daude; urteotan hainbat lengoaia artistiko sortu dira, eta hori islatzen dugu Umore Azokan, guztiek izango dutelako lekua gurean.
Aniztasuna Umore Azokaren ardatza da beraz?
Bai, aniztasuna, baina baita jasangarritasun ekologikoa ere. Uste dut ikuspuntu hori ere derrigorrezkoa dela gizartearen erantzukizun bat ere badelako. Alde horretatik, jaialdiaren karbono aztarna gutxitu nahi izan dugu, eta, horretarako, Ihoberekin proiektu bat garatu dugu ekitaldiak Erronka Garbia zigilua jaso dezan. Aniztasunari dagokionez, beste jaialdi batzuetan ere egon gara gai hori nola lantzen duten ikusteko eta, aurten, aniztasun funtzionala duten artistak izango ditugu, ikusarazi nahi dugulako publikoan lekuan izateaz gain, kalitatezko ikuskizunak ere egin ditzaketela.
Nolako eragina du Umore Azokak Leioan?
Herria jendez gainezka egoten da lau egunetan, eta horrek herriari bestelako bizitza ematen dio. Gainera, kaleko arte eszenikoen inguruan sortzen den giroa ere oso ona izaten da, oso hurbilekoak direlako. Horrez gain, herrian hainbeste jende hartzeko eta giro hori sortzeko leioaztarrek duten eskuzabaltasuna ere eskertzekoa da; finean, Leioa kulturaren munduan kokatzea lortzen dugu, sektorean oso hitzordu garrantzitsua baita.
Programatzaile eta konpainientzako publikoarentzat hain ezaguna ez den azokaren alde hori ere berebizikoa da, ezta?
Umore Azokaren berezitasuna da hanka bi horiek jorratzen dituela: publikoa eta profesionala. Ezezagunagoa da profesionalentzako zuzendutako ekintzak direlako, baina oso-oso garrantzitsuak eta interesgarriak dira hainbat tokitatik datozen profesionalekin biltzen garelako. Horren bitartez hori guztia mahai gainean ateratzen dugu ikasteko, baina baita irakasteko ere, kulturaren munduan erakusteko asko baitaukagu. Horrek profesionalki Azokari ematen dion aberastasuna izugarria da. Programatzaile horiek hemengoak izaten dira, baina atzerritik asko eta asko ere etortzen dira; zentzu horretan, euskal konpainiak atzerrian ezagutzera emateko helburua ere badaukagu, baita kanpoan egiten diren gauzak hona ekartzeko ere.
Umore AUzoka. "Umore Azoka sektoreko profesionalen topagune bat bezala ulertzen dugu, beraz, programatzaile eta profesionalentzat erosoa izan behar du. Hala ere, Azokaren eragina Leioako auzoetara eraman behar genuela ikusi genuen, eta, horri erantzunez, Umore AUzoka planetatu dugu: Azoka baino bi aste lehenago, larunbat eta igandeetan kaleko ikuskizunak egongo dira Pinuetan, Txorierrin, San Bartolomen eta Lamiakon"