Umore Azokak ezin hobeto ospatu du bere 25. urteurrena. Maiatzaren 15etik 18ra, 22.000 pertsona inguru bildu dituzten 100 ikuskizun baino gehiago izan dira nazioarteko kaleko arteen hitzorduan: dantza, zirkua, musika eta beste hainbat diziplina.
Aurtengo jaialdian EAEko 22 konpainiak parte hartu dute, Estatuko beste 21ek eta Taiwan, Japonia, Portugal, Belgika, Erresuma Batua edo Argentinatik etorritako nazioarteko zazpi konpainiak. Kalitate artistikoa, formatu eta gaien aniztasuna eta publikoaren harrera ezin hobea izan dira Azoka honetako protagonistak.
Ikuskizun jendetsuenen artean Nordikakoa nabarmendu dute antolatzaileek, Tres tristes trols, zapatuan, Plaza Gorrian egin zena. Beste hainbat ikuskizun ere izan ziren, hala nola Andoni Aresti Dantza Eskolakoa, 650 pertsonekaz, Chien HUng Kuoren Moving Zen, 570 pertsona ingurugaz, Hortzmugaren ibiltaria, Hasta siempre, hasta nunca, eta Sirokoren Láppel du vide, kasu bietan 500 pertsona biltzea lortu zutenak.
Azokak 28 eremu eszeniko izan ditu, berriak izan diren bi barne: Udondoko Bulebarra eta Plaza Gorria. Horiez gain, 3 ibilbide ibiltari ere izan dira, eremu publikoan sorkuntza garaikidea bultzatzeko plataforma gisa betetzen duen eginkizuna sendotuz. Halaber, aurten 27 erabateko estreinaldi, 18 estreinaldi Euskadin eta urteurren honetarako bereziki sortutako pieza bi izan dira baita.
Ikuskizunez gain, hainbat sari eta kaleko arteen inguruko kontratazio ere izan dira. Batetik, aurtengo epaimahaiak azokan izandako artisten kalitatea nabarmendu du eta ohikoez gain aipamen berezi bi ere eman ditu. Hala, 2025eko Euskadiko Ikuskizun Onenaren Saria Zirkozaurreko Ardatzak taldearentzat izan da, eta 2025eko Munduko Ikuskizun Onenaren Saria ManoaManoren Noso3 proposamenari eman diote. Bi aipamen bereziak Komorebiren Argilunak lanarentzat izan dira, eta bigarrena, Zanguango konpainiaren El peor espectáculo del mundo... de momento lanarentzat. Sari horiez gain, publikoak Euskarazko Ikuskizun Onenaren saria Komorebiren Argilunak lanarentzako izan da.
Leioako alkate Iban Rodriguez Etxebarriak nabarmendu duenez, Umore Azoka "sektorearentzat funtsezkoa den hitzordu gisa aldarrikatu da berriro, eta ikusleek ez dute galdu izan nahi". Alkateak gaineratu duenez, "ikusle kopuruak agerian uzten du Azoka honek sortzen duen interesa, proposamenen kalitateak eta aniztasunak bermatzen baitute".
Profesionalen azoka
Maila profesionalari dagokionez, sektoreko 300 profesional baino gehiagok parte hartu dute egin diren jardueretan. Era berean, konpainiek pozik daudela adierazi dute; izan ere, aurten ere Umore Azoka sektorearentzat hitzordu garrantzitsua dela baieztatu da: lau egunetan, konpainiek lanen % 80 baino gehiago ixten dituzte urtea amaitu arte eta datorren denboraldiari begira.
Horren adibide da Artekale eta Italiako jaialdien ordezkaritza batek lankidetza-hitzarmen bat sinatu dutela lau urterako, Basque Street Arts Italia izenekoa. Hitzarmenaren helburua, Artekalearen bidez, kultura arloko kudeaketa-ereduei buruzko ezagutza partekatzea eta elkarregaz hausnartzea da, bai eta konpainiak trukatzea ere, italiarrek Euskadira etorri eta euskal herritarrek Italian parte hartu ahal izan dezaten.
Zentzu horretan, alkateak azpimarratu du Azoka "erakusleiho funtsezkoa dela ikuskizunak erosi eta saltzeko. Hori dela eta, gero eta konpainia gehiagok dute Umore Azokan jotzeko interesa".