Elkarrizketak

Izaro Macias: "Maskarada auzotar guztiak lotzen gaituen ospakizuna da"

Ander Zarraga 2025ko eka. 4a, 12:05

Maskaradak jaien hasiera iragartzeaz gain, Lamiakoren izaeraren adierazle den ospakizuna ere badela dela azaldu du Marirena egingo duen Izaro Maciasek.

Izaro Maciasek Maskaradan aspalditik parte hartzen du, eta, azken lau urteetan, Mariren soineko koloretsua eta maskara jantzi ditu. Pertsonaia nagusienetako bat da, Sugaarregaz batera ekitaldiko pertsonaiak batzeaz arduratzen baita: lamiak, Basajaun...

"Nire aurretik izeko eta ama ere Mari izan dira, beraz, oso garrantzitsua da niretzako tradizio hori jarraitzea", azaldu du leioaztarrak. "Lamiako Maskarada familia da, frankismoaren garaitik datorren gauza bat da, eta belaunaldiz belaunaldi joan da pasatzen lamiakoztarren artean. Ni baino lehen, nire amamak ere parte hartu zuen zapiak jartzen eta dena antolatzen, nire aitak ere bai... Ia familia guztiak parte hartu dugu, beraz, Maskarada auzotar guztiak lotzen gaituen ospakizuna da; hori oso polita da", adierazi du.

Maciasek 20 urte ditu eta Farmazia ikasten du Gasteizen. Tamalez, Maskaradak eta auzoko jaiek azterketa-sasoi betean harrapatu dute aurten eta, beraz, ezin izan ditu bete-betean ospatu. Hala ere, azpimarratu du barikua, Maskaradaren eguna, "sakratua" dela.

Hamar urte zituenetik Lamiako Maskaradan parte hartzen duen Txikiak Dantza Taldeko kidea ere bada. Talde horretako dantzariek ikuskizunaren zati batzuetan parte hartzen dutela ere zehaztu du: "Adibidez, ama eta ahizpa amaieran egiten den akelarrean egon dira".

Azken urteotan jaia oso ospetsua egin da eta, horri esker, Maskaradan belaunaldi berriak ere sartzen joan direla azpimarratu du Maciasek: "Ni aurreko belaunaldi aldaketa egon zenean hasi nintzen, oraindik osaba eta hainbat lagun zeudenean. Orain, nagusienetako bat naiz, baina harrotzekoa da hainbeste gaztek sartu nahi dutela ikustea". Gaineratu duenez, ziur aski laster emango du lekukoa, "datozenei ere txanda uzteko unea baita".

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun