Uribe Kostako jaiak 2025

Leioa Kirol Elkarteko Aitziber Rodriguez eta Javier Landeta izango dira aurtengo sanjoanetako Mari Pepa eta Arlote

Estibaliz Maguregi · Ander Zarraga 2025ko eka. 10a, 16:21

Leioa prest dago jada 2025eko San Juan jaietan murgiltzeko. Ekainaren 20tik 24ra bitartean ospatuko dira, eta aurretik, 13tik 15era, atarikoa izango dute kuadrillentzat bereziki antolatutako Antzineko Egunagaz. Udalak jai-egitarau bat diseinatu du, eta ehun jarduera baino gehiago antolatu ditu publiko guztientzat, musika, herri-kultura, kirola eta familia-aisialdirako.

Aurten, mendeurrena ospatzen duen Leioa Kirol Elkarteko kideak izango dira jaietako pertsonaia esanguratsuenak: Mari Pepa eta Arlote. Zehazki, Aitziber Rodriguez, klubeko zuzendaritzako kidea eta harrobiko ume baten ama, izango da Mari Pepa, eta Javier Landeta, klubeko presidente ohia eta Euskadiko Futbol Federazioko egungo presidentea, izango da Arlote. Biek nabarmendu dute harro sentitzen direla Leioako kulturarentzat eta nortasunarentzat hain adierazgarriak diren figura hauek gorpuztegatik.

Aurtengo berritasunen artean, aipatzekoa da Elexaldeko txosnak biribilgunean kokatuko dituztela, eta ez aldapan. Gainera, Arrienako parke berria San Juan gaueko agertoki nagusietako bat izango da, bertan amaituko baita egun horretako ikuskizuna.

Horregaz batera, aurtengo programazioak 30 bat jarduera bilduko ditu egunero hala nola, magia ikuskizunak, musika, familia tailerrak, uretako puzgarriak eta apar festak. Kirol txapelketak, Herri Kirolak, pilota eta kultur ekitaldiak ere egingo dituzte, eta ez dira faltako aurreskuak eta dantza alardeak. Euskal Kirolaren Gala hilaren 20an izango da Euskal Etxeen plazan.

Segurtasuna

Jai seguruak bermatzeko, Leioako Udaltzaingoko eta Ertzaintzako 100 agentek, uniformedunek zein kalez jantzitakoek, operatibo bat ezarriko festek irauten duten bitartean. Sarbideetan, geltokietan eta kale-zurruta egin ohi den guneetan prebentzio-kontrolak egingo dituzte, eta adingabeei alkohol-salmenta ekiditeko arreta berezia jarriko diotela iragarri dute.

"Egoteko eta dibertitzeko aukera ematen diguten aukera asko ditugu, hori baita gure jaiak izatea nahi duguna. Baina delituak egitera datozen horiei irmo esaten diegu Leioara ez etortzeko, hemen ez daukatela lekurik", azpimarratu du Iban Rodriguez Leioako alkateak gaur egindako aurkezpenean.

Zaintza- eta prebentzio-lanez gain, eraso matxisten aurrean informatzeko eta arreta emateko Gune Morea bat eta egoera zaurgarrian sentitzen diren pertsonak etxera garraiatzeko doako zerbitzua ere jarriko dituzte aurten. Aurrekoetan bezala, Gune Morea Boulevarden egongo da ekainaren 20, 21, 22 eta 23an, 23:00etatik 06:00etara, eta 693 297 942 telefonoa ere jarri dute erabilgarri.

Garbiketa-operatiboari dagokionez, 70 profesional baino gehiago izango dira bilketa, baldeo eta presiozko garbiketarako ekipo berriakaz ere indartuko da, jaiegun bakoitza egoera ezin hobean dauden kaleakaz has dadin.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu eta horretarako baimenak eduki behar dituzu. Sartu komunitatera!