Uribe Kostako jaiak 2025

Leioaztarrak prest daude jaien zirrara bizitzeko

Ander Zarraga 2025ko eka. 19a, 14:07

Errekalde plazan umeentzako hainbat ekintza egingo dituzte jaiak irauten duten bitartean.

Hastear dauden Leioako San Juan jaiek ardatz nagusi bi izango dituzte aurten: familiarteko dibertsioa bermatzea eta segurtasuna handitzea. Horretarako, 100 bat polizia-agentez osatutako dispositibo berezia egongo da Udaltzaingoaren eta Ertzaintzaren artean, jaiak giro onean igarotzeko. Horrez gain, 30 bat kultur, kirol- eta aisialdi-jarduera baino gehiago antolatu dituzte, haur eta helduek elkarrekin goza ditzaten.

Alde batetik, jaien programari dagokionez, Errekalde plaza umeentzako jardueren epizentroa izango da: pintura-tailerrak, musika eta magia ikuskizunak, ur-puzgarriak, apar-festak eta beste hainbat ekintza eskainiko dituzte bertan. Kultur eta kirol jarduerek ere presentzia handia izango dute: pilota jaialdia, soka-tira, eskubaloi partidak edo Euskal Kirolaren Gala izango dira horietako batzuk.

Euskal kultura jaietako beste zutabe nagusietako bat izango dela ere iragarri du Udalak, Aurreskua elizatea edo dantza alardea bezalako proposamenakaz, besteak beste, tradizioak adin guztietara hurbilduko dituztenak.

era berean, ekainaren 18an eta 24an, gainera, Haurren Eguna ospatuko da barraketan, prezio bereziakaz.

Beste aldetik, segurtasunari dagokionez, kontrol prebentiboak ugarituko dira, eta presentzia poliziala areagotuko dute jai-guneetan eta inguruko puntu estrategikoetan. Objektu arriskutsuak detektatu eta galarazteko neurriak hartuko dira, eta alkoholaren eta drogen kale-kontsumoa saihesteko kontrol bereziak ere egingo dituzte metro eta autobus geltokietan. Halaber, kale-zurruta ohiko guneetan argiztapena indartuko da, eta adingabeen babesa lehenetsiko dute.

Leioako Udalak herritarrei eta familiei dei egiten die jaiak arduraz, errespetuz eta elkar zainduz bizitzeko, guztientzako jai seguru eta dibertigarriak izan daitezen.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun