Saretzen

Artekale: "Kaleko arteak komunitatea eraikitzeko adreiluak badira, euskarak horiek itsasteko masa izan behar du"

Ander Zarraga 2025ko eka. 20a, 10:15

Artekaleko kideek eta konpainiek Umore Azokan izan zuten topaketetako baten unea. © ARTEKALE
Aretoetatik kanpo, kaleko formatuan ikuskizunak egiten dituzten konpainiek ere leku esanguratsua dute gure herrietako programazioetan. Artekalek esparru horretako artistak eta eragileak biltzen ditu, eta haiengana jo dugu egoera zein den jakiteko, eta, besteak beste, oholtza horretan Leioako Umore Azokaren edo euskararen papera zein den galdetzeko.

Ezer baino lehen, nola definituko zenukete Artekale?

Artekale kaleko arteen esparruan aritzen diren eragileak biltzen ditu. Elkarte berezia da, artistez gain, udaletako programatzaileak eta ikuskizunen banatzaileak ere bertan daudelako. Alde horretatik, kaleko arteen esparruan gertatzen denaren inguruko ikuspegi zabala dauka. Elkartearen barruan hainbat batzorde daude, eta horietako bat Euskara Batzordea da. Bertan, gure hizkuntzak kaleko arteetan daukan presentzia zein den aztertzen dugu eta egoera hobetzeko proposamenak aurrera eramaten ditugu. 

Nolakoa da Euskal Herriko kaleko arteen egoera gaur-gaurkoz? 

Euskal Herrian kaleko arteen zirkuitua beste leku askotan baino handiagoa izan arren, mugatua da. Gainera, euririk gabeko egunak ez dira asko gurean. Udaberrian, daukagun azoka bakarra egiten da: Leioako Umore Azoka. Bertan erakusten dituzte tokiko konpainiek haien proposamenak. Baina, horixe, bakarra da, eta ez da guztientzako lekurik izaten. Ondoren datoz hirietako eta herri handietako kaleko jaialdi batzuk. Azokan bezala, nazioarteko konpainiek presentzia handia izaten dute eta hemengoek batzuetan ez dugu erraza izaten leku bat aurkitzea. Eta gero hemen bada joera handia herrietako jaietan kaleko arteen programazioa eskaintzeko. Horrek plaza asko gehitzen dizkio zirkuituari, baina kulturaren beste arloetan gertatzen den bezala, gehienetan, diziplina oso zehatzekin lotuta joaten dira (zirkua, komedia…) eta zaila da bestelako proposamenentzat ere lekua aurkitzea. 

Hortaz, egoera ez da nahiko genukeena. Kaleko arteetan aritzen diren konpainia gehienak oso txikiak dira, zailtasun handia dute zirkuitu egonkor bat aurkitzeko eta, maiz, egitura handiagoen esku geratzen diren laguntza publikoetara iristea ezinezkoa da haientzat.

"Kaleko arteetan aritzen diren konpainia gehienak oso txikiak dira, zailtasun handia dute zirkuitu egonkor bat aurkitzeko eta, maiz, egitura handiagoen esku geratzen diren laguntza publikoetara iristea ezinezkoa da haientzat"

Oro har, zailagoa ala errazagoa da euskaraz ikuskizunak programatzea?

Egoera orokorra nahiko zaila dela kontuan hartuta, euskaraz aritzen diren konpainiak existitzea ia miraria da. Iaz Euskal Herriko 14 jaialdien programazioa aztertuz egin genuen ikerketaren arabera, testudun saioen % 20 baino ez zen euskaraz izan. Eta kaleko arteen erakusgarri diren ekimenetan hori gertatzea kezkagarria da. Kaleko programazio arruntetan gauza bestelakoa da eta tokian tokiko errealitate linguistikoak agintzen du bertan. Esaterako Arabako Errioxako herritxo batean gaztelerazko ikuskizun batek aukera gehiago dituen heinean, Gipuzkoa sakoneko herri batean euskara edo testurik gabeko aukerak dute lehentasuna.

Lan asko dago egiteko. Batetik, ulertu behar da funtsezkoa dela euskara sustatzea non eta kalean. Kaleko artea herritarrengandik oso hurbil dagoen diziplina kultural bat da, eta euskarak ezin du bigarren mailakoa izan esparru horretan. Bestetik, bertako konpainiei haien ikuskizunak euskaraz sortzeko bultzada eta laguntza eman behar zaie. Dena lotuta dago eta oso garrantzitsua da gutxieneko batzuk adostea eta aurrera eramatea.

Eskualdeen arabera ikuskizunak programatzeko aukerak asko aldatzen dira?

Bai, noski. Tokiaren arabera gauza asko aldatzen da eta EAEko errealitateak ez dauka zer ikusirik Nafarroakoarekin edo Ipar Euskal Herrikoarekin. Erkidegoan baitan ere, hiru probintzien artean, desberdintasun handia dago eta hori orekatzen saiatzeko Artekalek Arabako aldundiarekin batera Arabako Plazetan zirkuitua sortu zuen, besteak beste. Muga administratiboek eta elkarteak Nafarroan eta Ipar Euskal Herrian duen presentzia eskasak, horrelako ekimenak Euskal Herri osora zabaltzea ezinezko egiten dute, momentuz.

Euskarari dagokionez, aipatu dugun moduan, ezberdintasunak ere nabariak dira. Zoritxarrez bizitzaren arlo guztietara hedatzen da hori, eta zenbait tokitan, euskarazko programazioa egotekotan, haurrentzako ikuskizunetara mugatzen da soilik. Beste leku batzuetan, ordea, askoz presentzia handiagoa dauka euskarak. Horren harira, aurten, Leioako Umore Azokan Euskara kaleko arteen programazioan: errealitateak eta erronkak lurraldez lurralde izeneko mahai-ingurua antolatu genuen. Bertan, Euskal Herriko hainbat programatzaile eta kultur eragilerekin gaiaren inguruan aritu ginen.


Aurtengo Umore Azokan, Ikusleprest eta Antzerkibizi dinamika abiatu dute, ikuskizunak euskaraz ikusteko prest dauden ikusleak eta ikuskizunak euskaraz eskaintzen dituzten konpainiak ezagutzera emateko ekimena. © ARTEKALE

Maiatzean, Leioako Umore Azokan izan zineten, zer suposatzen du zuentzako horrelako jaialdi bat hemen egiteak?

Esan bezala, Leioako Umore Azoka gurean kaleko arteetarako dagoen azoka bakarra da, denboraldiaren hasieran egin ohi dena, eta ezinbesteko hitzordua da esparru honetako eragile guztientzat. Bertan elkartzen gara denak, konpainiak, programatzaileak, banatzaileak eta garrantzitsuena: publikoa.

Aurten, Artekaleko Euskara Batzordeak, Leioako Udalarekin lankidetzan, dinamika indartsua prestatu du euskara lehen lerrora ekartzeko. Aipatutako mahai-inguruaz gain, Ikusleprest eta Antzerkibizi dinamika ere eraman dugu aurrera, ikuskizunak euskaraz ikusteko prest dauden ikusleak eta ikuskizunak euskaraz eskaintzen dituzten konpainiak ezagutzera emateko. Azokaren programazioan euskarazko ikuskizun gehiagok lekua izateko lan egin dugu Udalarekin eta iaz baino saio gehiago izan ditugu aurten euskaraz. Horrekin lotuta, publikoak boto bidez aukeratu duen euskarazko ikuskizun onenaren sariketa ere antolatu dugu.

"Leioako Umore Azokaren itzala oso handia da eta funtsezkoa da euskararen arloan ematen diren aurrerapauso guztia" 

Zeintzuk dira kaleko arteek dituzten erronka nagusiak

Irautea. Hori da lehenbizikoa. Baina ez irautea irauteagatik, kaleko arteak gizartea eraikitzeko garrantzitsuak direla uste dugulako baizik. Eta horretarako hausnarketa serio bat egin behar dugu gure zirkuituaren eta laguntza publikoen inguruan. Ez dauden lerro estrategiko batzuk beharko lirateke, nondik gatozen, non gauden eta, batez ere, eragile guztiok nora joan nahi dugun argi izateko. Bestetik, publikoa daukagu, eta harekin zer harreman mota proposatzen dugun ere berebizikoa da. Orain, oso modan dago mediazio-lana, ikuskizuna amaitu eta publikoarekin eseri ikusitakoaren inguruan hitz egitea. Baina askoz urrunago joan beharko genuke. Kalea oso leku berezia da eta artistaren eta publikoaren arteko lotura areto batean baino zuzenagoa eta sakonagoa izan daiteke. Hor eragin behar dugu, kaleko arteak komunitatea sortzeko funtsezkoak direlako. 

Horrekin guztiarekin lotuta, euskara daukagu. Erronka handia da, baina gure hizkuntza erdigunean jarri behar dugu. Kaleko arteak komunitatea eraikitzeko adreiluak badira, euskarak izan behar du adreilu horiek itsasteko masa. 

Zer helburu dituzue epe ertain eta luzera?

Artekaleren oinarrizko helburua kaleko arteak sustatzea da: bertako konpainientzako zirkuitu zabal eta egonkor bat sortzea, nazioartera zabaltzea… Gure aldetik, Euskara Batzordean, aurten Leioako Umore Azokan hasitako ibilbidea Euskal Herriko beste jaialdietara zabaltzeko lan egingo dugu, euskarak izan dezan merezi duen lekua hiri eta herri guztietako kaleko arteen programazioan. Horrez gain, euskaraz kaleko arteetan euskaraz aritzen garen konpainia guztiekin hausnarketa zabala ere egin nahiko genuke, jende asko eta asko garelako horretan ari garenak, uste baino indar handiagoa daukagulako eta ezinbestekoa zaigulako uneko zailtasunak identifikatzea eta etorkizunerako erronkak zehaztea denon artean.

Erlazionatuak

EAEko kultur sarea: bizia, baina asimetrikoa

Iker Rincon Moreno · Tokikom-EITB eka 20, 08:00 Uribe Kosta

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun