Bizkaiko Foru Aldundiak amaitutzat eman ditu Avanzadako lanak

Ander Zarraga 2025ko urr. 13a, 10:47

Avanzada estaltzeko Aldundiaren proiektuak 65,7 milioi euroko aurrekontua izan du. © BIZKAIKO FORU ALDUNDIA

Leioa zeharkatzen duen BI-637 errepidea estaltzeko lanak amaitu dituela iragarri du Bizkaiko Foru Aldundiak. 65,2 milioi euroko aurrekontua izan duten lanei esker, udalerriak 18.000 metro koadroko gune ireki bat irabazi du eta 114.000 ibilgailu baino gehiago hartzen dituen errepideko trafikoa estali egin dute.

Iparragirre kalea asfaltatzeko lanakaz amaitutzat eman dituzte errepidea berritzeko lanak, eta, iragarri dutenez, eguaztenean bukatuko dituzte estaldura eraikitzeko lan guztiak. Guztira 65,2 milioi euroko aurrekontua izan duen proiektu honek zarata nabarmen murrizteko helburua izan du, eta Aldundiaren arabera, batez bestekoa 77 dezibelioetatik 51 dezibelioetara jaistea lortu dute. Hain zuzen ere, lanen aurretik, errepidearen inguruko 6.000 bizilagun inguruk jasaten zuten zarata etengabea, eta horietatik 2.800ek etengabeko zarataren maila altua jasaten zuten.

Horregaz batera, tunelean zirkulazio segurua eta arina bermatzeko neurriak ere hartu dituzte, hala nola argiteria hobetu dute eta gehieneko abiadura orduko 80 kilometrotik 60ra jaitsi dute estalitako tartean. Hiri-bilbean, berriz, abiadura orduko 30 kilometrokoa izango da.

Era berean, irailean zehar, Aldundiak azken probak egin zituen tunelaren barruan zirkulazioaren segurtasuna bermatzeko sistema guztiak martxan jartzeko. Horien artean, istripuak automatikoki detektatzeko sistemak eta suteak itzaltzeko instalazio aurreratuak daude.

Kondentsazioa saihesteko neurriak

Horrez gain, hasieran kontuan hartu ez zuten ezusteko bat ere azaldu da: kondentsazioa. Foru Aldundiak iragarri du neurri bereziak aplikatuko dituela euri-egunetan ibilgailuen kristalak eta atzerako ispiluak lausotzea saihesteko. Izan ere, tunelaren estutasunak, trafiko handiak eta malda txikiak hezetasuna eragiten dutela azaldu dute Aldundiko iturriek. Hori dela eta, "aireztapen behartuaren pauta" bat ezarriko dute galerian, hezetasun-maila murrizteko.

Bestalde, ebakuaziorako 11 galeria gaitu dituzte, eta irailaren 30ean istripu-simulakro bat ere egin zuten, erakunde arduradunek gertakari larri baten kasuan emandako erantzuna baliozkotzeko.

Bulebar berritua

Orain arte udalerria banatzen zuen lubaki zaharreko 900 metro estaltzearen ondorioz, 12.000 metro koadro berri sartu dira hiri-bilbean, eta bizilagunentzako daborduko erabilgarri daudenak.

Hala, 18.000 metro koadroko bulebar berria sortu dute, 620 metroko luzera duena, oinezkoentzako ibilbideak, egonlekuak eta aisialdirako guneak eskaintzen dituena, eta 19.000 metro koadro berdegune jarri dituzte. Bidegorri bat ere badu, inguruko sareagaz lotuta dagoena.

Gainazalean egindako hobekuntzen artean, 17.000 metro koadro errepide ezarri dituzte,  biribilgune berri bi eraiki dituzte eta Iparragirre kaleko espaloia 2,5 metroko zabalerara handitu dute irisgarritasun osoa bermatzeko.

Azkenik, trafikoaren zarata arintzeko, tuneleko ahoetan 4.000 metro koadroko pantaila akustikoak jarri dituzte, eta tuneletako estalkiaren gainean zelula fotovoltaikoak instalatu ditutze, tuneleko sistemak energetikoki hornitzeko.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun