Leioak 500. urteurrenaren atzerako kontaketa hasiko du urriaren 31n Iraganeko Begiradak ekitaldiagaz

Ander Zarraga 2025ko urr. 24a, 13:19

Herriaren 500. urteurrena dela eta, Leioako Udalak hainbat ekintza antolatu ditu hurrengo hilabeteetara begira. © LEIOAKO UDALA

Antzerkia, dantza, musika eta ikus-entzunezkoak uztartuko dituen ikuskizunak Bulebarreko kontagailua aktibatuko du eta urteurrenaren ospakizunei hasiera emango die.

Leioako Udalak 500. urteurrenaren ospakizunari hasiera emango dio datorren urriaren 31n, Iraganeko Begiradak – Atzerako Kontaketa izeneko ikuskizun bereziagaz. Ekitaldia 20:00etan izango da Leioako Boulevarden, eta auzokideen testigantzak antzerkiagaz, dantzagaz, musikagaz eta proiekziagaz uztartuko ditu. Emanaldia urteurrenerako atzerako kontagailuaren aktibazioagaz eta piroteknia-ikuskizun bategaz amaituko da.

Udalak azaldu duenez, herritar guztientzako ekitaldi irekia izango da, eta Boulevardeko pirulira hurbiltzea besterik ez da beharko jaiaz gozatzeko.

Gainera, Arimen Gauaren ohiko ekintzak ere ospatuko dituzte egun berean, 18:00etatik aurrera, Leioako kaleei jai giro berezia emanez.

Urteurrenaren harira, udal-gune desberdinak Leioa 500 irudiagaz apainduko dituztela ere iragarri dute, eta udalerriaren historiaren erakusketa berezi bat ikusi ahal izango da Leioako metro-geltokian, urriaren 13tik azaroaren 9ra.

2026an erakusketaren edizio berri biak iritsiko dira: bigarrenean oraina izango du ardatz, eta azkenak Leioa Ikusezina erakutsiko du, eguneroko bizitzako baina oharkabean pasatzen diren istorioei balioa emanez.

Ospakizuna dela eta antolatu dituzten gainontzeko jardueren artean hauek nabarmentzen dira:

  • Leioako Begiradak herritarren argazki zaharrakaz osatutako erakusketa ibiltaria, auzoz auzo ibiliko dena; argazki-lehiaketa, herriaren sustraiakaz eta iraganeko paisaiakaz lotutako irudiak bilduko dituena.
  • 500 urte, Hamaika Begirada solasaldia, azaroaren 6an, 19:00etan San Bartolomen, Javier Landeta leioaztarraren eskutik.
  • 3 Ermiten Ibilbidea, urriaren 26an, 09:00etan Boulevardtik herriko ingurune naturala eta historia uztartuko dituena.
  • Dantza Plaza 500 Urteurrena, urriaren 17an, 19:00etan Euskal Etxeen plazan, musika eta dantza herrikoia kalera eramango duena.
  • Kale-dinamizazioa, azaroan kale eta plazetan egingo den ibilbide ludiko-historikoa, Leioari buruzko datu eta bitxikeriez betea.
  • Leioa Ekimen Solidarioa, abenduan egingo den herritarren parte-hartze irekiko ekintza solidarioa.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun