Azken 25 urteotan kazetari lanetan bizi izandako askotariko esperientziak bildu dituzu "Chiribitas. Historias que prenden la vida liburuan". Zelan laburbilduko zenuke mende-laurden hori?
Oso pozik nago denbora tarte horretan egondako lekuakaz eta horietan denetan ezagututako jendeagaz. Pertsona moduan asko hazi naiz horri esker, baita kazetari moduan ere, eta oraindino ikasten jarraitzen dut. Balantzea izugarri ona dela esan dezaket.
Esperientzia horietatik denetatik zein nabarmenduko zenuke, eta zergatik?
Komunitate zapatistetan egoteak zeresan handia eduki zuen niretzat. Hainbat alditan egon naiz han eta izugarria da eurek zelan ulertzen duten mundua eta bizitza, euren errebeldia orokorrean. Horrek nire ikuspuntuak eraldatzea eragin zidan eta euren ereduak jarraitzen saiatzen naiz.
Liburuan 72 istorio daude denera. Zer aurkituko du irakurleak horietan denetan?
Mundu osoan dauden su txiki horiek aurkituko ditu, ilusioz beteriko borrokak, jende ona, duina, ezetz esaten dakiten gizon-emakumeak, bizirauten saiatzen direnak eta gaur egun bizi dugun gizarte kapitalista zitala onartzen ez dutenak. Mota horretako jendea agertzen da istorio horietan denetan.
Nondik dator mota honetako liburu bat idazteko ideia?
Alde batetik, ezagututako errealitate horiek denak ezagutarazteko sentitzen nuen beharretik, apurka-apurka desagertzen ari direlako; ez dira inon agertzen. Gaur egun komunikabide asko dago eta etengabe bonbardatzen dute informazioagaz, baina mota honetako informazioak ez dira inon ageri. Hortaz, pertsona horien errealitatea kontatzeko beharretik bururatu zitzaidan liburu hau idaztea, esperientzia horiek gal ez daitezen.
Mexiko, Kolonbia, Sahara, Palestina, Maroko, Errusia... Zerk eraman zaitu leku horietara?
Horietako batzuetan egondakoa naiz, baina zenbaitetan leku horietan egondako jendeak kontatutako istorioetan oinarrituta idatzi ditut istorioak. Hala ere, gehienak nire zuzeneko bizipenetatik ekarritakoak dira. Kazetaria naizen heinean, herrialde horietan gertatzen zena kontatzeko beharragatik joan naiz, laguntzeko. Bestalde, askotariko proiektuetan parte hartzeko ere joan naiz leku horietara, modu batean edo bestean borrokan dauden gizon-emakumeak laguntzeko, hala nola inbasio eta gerren aurkakoetan.
Bertoko istorioek ere lekua daukate liburuan, hurragoak, lokalagoak eta pertsonalagoak direnak... Bai, leku askotan egon arren, beti esan dut herrialde horietan gertatzen denak eragina duela ere gure etxean eta inguruko jendean. Ezin dugu ezikusiarena egin.
Lier zure semea kontakizun askotan agertzen da. Horietako batean "bandera guztiak gerrak dira" eta "beti dago gerra" esaten du. Interesgarria da umeek zelan ikusten duten mundua...
Azken urteotan gertatu zaizkidan gauza on denen artean aita izatea izan da onena. Orain 12 urte ditu Lierrek, eta jaio zenetik hona bizi izandako hainbat jazoera azaltzen ditut liburuan, inguruan gertatzen dena beraren begiradatik kontatzen. Maleziagabeko ikuspegia da hori, baita gardena ere. Dena ondo dabilela dirudien gizartea osorik desmuntatzen du umeen begirada horrek, ikaragarria da. Ikuspegi horrek, bat-batean, ideia horiek denak desegiten ditu eta erakusten du gizartea guztiz zitala dela eta ez dela inolako etorkizun onik egongo aldaketarik ez badago.
Liburuan askotariko gaiak jorratzen dituzu, hala nola immigrazioa, langabezia eta irrati libre komunitarioak. Azken gai hori aspalditik oso lotuta dago zugaz. Zer-zelako garrantzia dute mota horretako komunikabideek gizartean gaur egun?
Sistema kapitalistari edozein eremutan aurre egiteko beharrezkoak dira mota horretako irratiak. Ahalbidetu egiten dute komunikabide tradizionalek ezkutatzen dutena argitaratzea, borroka eta mugimendu horiek ezagutarazteko eta pertsona horiek bakarrik ez daudela sentiarazteko aukera ere ematen dute. Komunikabide alternatiboak egongo ez balira, ezinezkoa litzateke errealitate horien berri ematea.
Zergatik "Chiribitas" liburuaren izenbururako?
Alde batetik, berba horrek zuzenean poztasuna transmititzen du, positiboa da. Bestalde, landareagaz ere zerikusia du, naturagaz. Txiribitak ohiko landareak dira, umilak baina ederrak. Gainera, metafora modura, txiribitak zerbaitegaz ilusioa daukagunean sortzen zaizkigun argitxo horiei ere deitzen zaie. Hori dela eta, aipatutako ideiak batuta erabaki nuen liburuari izen hori ipintzea: ekologia, natura, poztasuna eta ilusioa ekartzen dituelako berba horrek gogora.
Liburua irakurri ahala, istorioak kontatzeko moduak Eduardo Galeano uruguaiarraren zenbait lan ekartzen dizkit burura...
Liburu bat idazten nengoela esaten nionean jendeari, beti azaltzen nien Galeanoren antzekoa izango zela, baina izan barik, ezinezkoa delako haren lanakaz konparatzea. Brometan esan dut beti 25 urte behar izan ditudala liburu txiki hau idazteko, Galeano hil arte itxaron behar izan dudalako. Egia da bere lanek eragin handia eduki dutela nire estiloan eta lotsa ematen zidan mota honetako lan bat argitaratzea, bere estiloaren antza duena. Dena dela, argitu beharra dago ez naizela haren lan batean ere ez oinarritu; nire ikuspegitik idatzitako liburua da, nire ahotsetik eta nire estiloan oinarrituta. Ingurukoek liburua irakurri dute, eta hori baieztatu didate; hori funtsezkoa da. Ez dut gezurrik esaten, ezta inori kopiatzen ere, eta oso pozik nago emaitzagaz.
Ilustrazioek ere garrantzi handia daukate liburuan...
Bai, oso polita izan da hori ere. Kontakizunak idazten nenbilela Cristina Sáez ezagutu nuen eta jakin izan nuen ilustrazioak egiten zituela. Haren lehenengo liburua ere bada, eta bere ikuspegi ekofeministak eta irudikatzeko moduak oso ondo nahasten ziren nire istorioakaz. Kontakizunak oso ondo irudikatu ditu, eta berbek eta ilustrazioek sor ditzaketen ideiak oso zehatzak dira.
Kazetari txiskero (supiztekoa) gisa definitzen duzu zeure burua, zer da zehazki hori?
Kazetaritza munduan dabilena baina pizgarri gisa lan egiten duena. Gaur egungo kazetaritzak intoxikatzen, hiltzen eta gauzak ezkutatzen ditu. Kazetari txiskeroak gauzak diren moduan kontatzen ditu, jendeak benetan gertatzen dena uler dezan. Gauzak eraldatzen laguntzen du, jendea ahalduntzen du, askotariko kontuak ikas ditzan... Azken finean, gizartea aldatu gura duen kazetaritza da hori, eraldatzailea eta pertsonak hazten dituena. Gaur egungo kazetaritzak, ordea, jendea artaldea balitz bezala hartzen du...
Zelan ikusten dituzu gaur egungo kazetariak eta komunikabideak? Urte asko daroatzat kazetari modura
lanean komunikabide alternatibo batean, eta beti esan dut ez dudala nire burua kazetari gisa definitzen, eta esatekotan, kazetari txiskeroa naizela argitzen dut. Ez nago gustura gaur egun lanbideak bizi duen egoeragaz. Lotsa ematen dit zelan kontatzen diren gauzak, eta gaur egun komunikabideentzat garrantzitsua denak zeresanik ez. Azken finean, kapitalismoak harrapatu gaitu alor denetan, eta kazetaritza hil egin du. Orain etekinek baino ez dute balio, publizitatea, enpresa, fama... Jendeak ez du axola, ezta langileak eurak ere. Prekarietatea osoa da. Kazetarion duintasuna inoiz baino kuota baxuagoan dago, eta oraindino okerrera doa. Dena dela, badaude lan egiteko bestelako moduak; kazetaritza egin daiteke oraindino, eta bide horri jarraitzen saiatzen naiz ni.
Irratian lan egiteaz gainera, zure programaren izen berdina daraman webgunea duzu baita ere. Zer aurki daiteke horietan bietan?
Irratiko programa "Mar de Fueguitos" du izena eta 18 urte daramatzat horren atzean. Mugimendu sozialen inguruan berba egiten duen lana da, euren borroken eta horien atzean dauden gizon-emakumeen berri ematekoa. Horien artean daude bertokoak zein nazioartekoak.
Webguneari dagokionez, irratian egindako programa horiek denak eskegitzen ditugu. Modu horretan edozein pertsonak aukera dauka kontakizun horiek denak entzuteko, edozein momentutan eta edozein lekutan. Izan ere, azkenaldian jendeak irratia entzutearen ohitura galdu du, eta gero eta ohikoagoa bilakatzen ari da Internet bidez egitea hori, tarte libre bat dugunean. Hori dela eta, horientzat ere aukera hori ematen diegu.