Gaur egun ekaitza bati buruzko azalpena emateko, meteorologia erabiltzen dugu. Horrela, haize beroak, haize hotzak, estratosfera, troposfera, isobarak eta bestelako hitzen bitartez ulertarazten dizkigute gauza dena.k Baina, antzina? Zer-nolako azalpenak zabaltzen ziren euskaldunen artean ekaitzak zer ziren azaltzeko?
Hasteko, erantzun bakarra ez dagoela onartu behar dut. Lekuaren arabera, mendearen arabera… modu baten edo bestean azaltzen baitzen. Mitologiari lotura zuzena dutenen artean hurrengo lerroetan irakurri ahalko dituzunak topatu ditut.
Maju edo Majuerekin hasiko gara, datu gutxi baldin baditugu ere. Lurpeko izakia da eta, dakigunez, Mari jainkosaren bikotea. Ostiraletan elkartzen dira, kondaira askoren arabera, Izarraitz mendizerran, eta egun horretan, batzuetan, topaketa horrek ondorio berezia sortzen zuen: zenbait lurraldetan kazkabarra eta harria botatzen duen ekaitza sortzen baitzen. Beraz, zeruak haserre daudenean; hemen dugu lehenengo azalpena.
Lapurdiraino joko dugu orain, bertoko sinesmenen arabera ekaitzak sortu eta gidatzen dituen jeinua Aidegaxto da, beste lekuetan Ortzi izenarekin ezaguna bada ere. Bera da ekaitzaren jeinu ahaltsua.
Batzuetan trumoia Odei izenarekin ezagutzen da. Jeinu honen aurrean halako esaldiak esan ohi dira: trumoia entzutean, “Odeiak jo du” esaten da; trumoi zakarra denean, “Odei haserrea”. Eta antzekoak.
Oneztarri izenarekin tximista ezagutzen da. Eta izenean bertan azalpena daukagu: euskaldunontzat ekaitzak –kasu honetan Ortzik- botatako harri bat da tximista. Leku batzuetan zehaztasun gehiago ematen zioten datu honi eta harri hori suarri baten puzka bat dela esan ohi zen.
Ekaitzei zuzendutako atala bukatzeko, Eate aipatu behar dut. Gipuzkoako Goierrin harri-jasa dakarren ekaitzaren jeinuari izen horrekin ezagutu ohi da. Baita suaren jeinuari, uriolakoa eta haize eroarena ere. Beste lekuetan Egata, Erots edota Ereeta izenarekin ezagutzen da izaki berdina.
Itsasaldeko enbatak
Kostaldeko herrian bizi naizenez, Armintzan, ezin dut aipatu gabe utzi itsasoari lotuta dagoen izaki madarikatu bat. Aspaldiko itsas gizonak beldurtzen zituen jeinuak Traganarru du izena. Zurrunbilo ikaragarri bat moduan agertu ohi da, berarekin batera txalupak ur sakonetara eramateko asmoz. Baina bera ez da kostaldeko izaki gaizto bakarra. Badirudi sorginak ere naturaren indarrak erabiltzeko kapazak zirela. Horrela ikusten da “Hiru olatuak” kondairan. Bertan, hiru sorginek ekaitza sortu zuten arrantzale batzuen kontra egiteko. Horren ostean, sorgin bakoitza olatu batean bihurtuta, itsasontziaren kontra egin zuten banan banan. Ontziak lehenengo bi erasoak aguantatu bazituen ere, guztiz txikituta zegoen eta ezin izango zuen hirugarren kolpea aguantatu. Hori dela eta, marinel batek arpoia bota zuen olatuaren kontra eta berehala itsasoa baretu zen, sorginak baitziren ekaitza horren sortzaileak.
Babestuta egoteko
Ekaitzak urrun mantentzeko modu ezberdinak asmatu zituzten antzinako euskaldunek. Hona hemen batzuk:
- Kristautasunaren eraginez, kandel bedeinkatuak piztu behar ziren.
- Beste batzuek erramu, elorri edo elorri-zuriaren adarrak edo hostoak etxeko sutean erre behar zirela esaten zuten.
- Aizkora bat jarri ahoz gora etxe edo baserriaren ate nagusiaren aurrean askotan entzun dugun metodoa bada ere.
Ikusten dugunez, aukerak ditugu ekaitzak, tximistak eta euriteak gure alboetatik at mantentzeko. Eta zuk, zein erabili ohi duzu? Entzunda zeneuzkan azalpen hauek? Zorionez udaberrian gaude eta, pixkanaka, ekaitzak atzean utziko ditugulakoan nago. Hurrengo negura arte, behintzat.