Izena duen guztia omen da

Eguzkia, Amalurraren alaba

Aritza Bergara 2020ko mar. 30a, 10:32
Eguzkilorea. cc-by ALEJO

Kaixo irakurleok! Aurreko artikuluan naturak gugan duen eraginaz eta garrantziaz jardun genuen. Baita gure arbasoen ikuspuntuak, sinesmenak eta ohitura batzuk aipatu ere, Amalurrari dagokionez. Oraingoan, aldiz, naturaren beste bi elementuak aipatuko ditugu: Eguzki eta Ilargia. Lehenengoan sakonduko dugu artikulu honetan; hurrengoa datorren asterako utziko dugu.

Euskal Herriko leku askotan sinesten zutenari helduta, Eguzkia eta Ilargia Amalurraren bi alabak dira, emakumezko jainkoak. Egunero, zerua zeharkatu ostean, haren altzora joaten dira berriro, Amalurraren barnealderantz, bere magaletan deskantsatzeko.

Eguna sortzen duen argia da Eguzkia. Askoren ustez, zeruan bere ibilaldia egin eta barnerantz joateko momentua heltzen zenean, "agur" esaten zioten Mañaria aldeko herritarrek. Santa Klara izenarekin ere ezaguna zen eguzkia, "argi santua" irudikapena eginez. Mendebaldera joaten da beti, bere amaren ondoan ezkutatzera. Eta horrelaxe abesten zion jendeak, Juan Mari Beltranen esanetan:

Hamar hamaiketako eguzki beroa
Ama buruan min dot etxera banoa
Hamar hamaiketako eguzki beroa.

Eguzkie joan da bere amagana
Bier etorriko da denbora ona bada
Eguzkie joan da bere amagana.

Eguzkia dituen ezaugarriez (berotasuna eta argitasuna) aparte, badu beste eragin baliogarria, herriaren usteetan, eta hauxe da: agertzen denean, gaueko izaki guztiak desagertzen dira edo, bestela, haien botere magikoak bertan behera geratu ohi dira. Modu batean edo bestean, gizakiontzat izugarrizko laguntza.

Eguzkiaren izpiek sorginak geldiarazteko gai ziren, izaki horien azala laztantzerakoan ezin ibili gelditzen baitziren. Hala, eguzkiaren eraginez, sorginak etxeratzeko beharra zuten, edo desagertzera, lamia batekin gertatu zen legez. Halako batean, gizon batek urrezko orrazea lapurtu zion erdi-emakume, erdi-animalia zen lamia bati. Hauxe atzetik, mendian behera joan zen.; ia-ia harrapatu zuen, baina momentu horretan, zeruan eguzkia agertu zenean, lamia gelditu eta hauxe esan zion gizonari: “Eskerrak emaitzok eguzkiari”. Eta bere kobazulora bueltatu zen.

Eguzkilorea

Landareen artean, badago astalarra baten lorea oso famatua dena. Bere izen zientifikoa Carlina Acaulis bada ere, horrek ziurrenik ez dizue ezertxo ere esango. Aldiz, eguzkilore deitzen diotela esango banu ez zen berdina gertatuko.

Eguzkia izango balitz bezala irudikatzen dute askok, bere sinbolo gisa. Bere irudia da, bere ordezkoa. Eguzkia ez dagoenean, eguzkilorea kokatzen badugu baserriko edo etxeko ateetan, etxean sartzea galarazi egingo diegu izpiritu gaiztoei, sorginei eta, orokorrean, gauez ateratzen diren izaki madarikatuei. Uste denez, eguzkiaren ahalmen berdinak ditu loreak pertsonai horien kontra.

Izan ere, batzuen esanetan, sorginek eguzkilorea ikusten zutenean baserrien atean, eguzkia bera zelan pentsatu eta ospa egiten zuten berehala, haien boterea gauez bakarrik irauten zuelako. Beste batzuek, aldiz, bestelako azalpen bat ematen diote babes-neurri horri. Horien iritziz, sorginak oso kuxkuxeroak dira eta, eguzkilorea ikusterakoak, zenbat arantza zituen jakin nahi zuten eta, horrela, zenbatuz eta zenbatuz gau osoa ematen zuten, benetako eguzkia atera arte. Modu batean edo bestean, etxea babestuta geratzen zen, ezta?

Horrez gainera, badirudi izpiritu txarrak uxatzeko eta tximistak eta ekaitzak sortzen dituztenak urrun mantentzeko ere baliagarria zirela eguzkiloreak. Barandiaranek idatzi zuen moduan, “sinboloek hurbildu egiten dituzte iritsi-ezinezkoak, gizonaren izaerak berez ez dituen ahalmenak egozten zaizkie haiei. Izpiritu gaiztoak, sorgina eta lamiak kanpoan geratzen dira eguzkilorearekin babestua dagoen atetik pasa gabe". Beraz, jarri eguzkilore bat zure etxearen sarreran; babestu zaitez, baita gehien maite duzuna ere.

Eguzkirik gabe ezin bizi, naturarekiko orekarik gabe bezala. Lehenengoa ez badago gure esku, bigarrena bai. Alda ditzagun gure eguneroko ohiturak, aldaketa klimatikoa eteteko eta, ahal dugun guztietan, naturaren errespetua mantendu etorkizuna izan nahi badugu.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun