Elkarrizketak

"Oso kezkatuta gaude euskarak Lemoizen bizi duen egoerarekin; horregatik sortu genuen taldea"

Iker Rincon Moreno 2020ko abe. 1a, 10:50

© ETZANDARRI

Udalerrian ume eta gaztetxoen artean euskararen erabilera bultzatu guran, Etzandarri euskal mendi-taldea sortu zuten duela 5 urte Lemoizen. Urteotako ibilbidea oparoa izan da; 51 gailur igo dituzte, baita udalerriko 40 lagunetik gora mugiarazi ere. Bidean, baina, taldeak askotariko aldaketak pairatu ditu, modu batean edo bestean, jende gehiagorengana ailegatzeko asmoz. Hala, orain, euskaraz egiteko konpromisoa eta gaitasuna duen edonork parte har dezakeela iragarri dute taldekoek, gazte zein heldu izan. Iosu Alberdigaz egin dugu berba, taldeak urteotan bizi izandakoen errepasoa egiteko.

Abenduan bost urte beteko ditu taldeak. Zer balorazio egiten diozue urteotako ibilbideari?

Oso pozik gaude egindakoarekin; egia esanda, oso polita izan da orain arteko ibilbidea. Egin dugun bideoa ikusterakoan hunkitu eta hunkitzen gara, eta egindakoaz jabetzen gara. Lemoiz bezalako herri txiki batentzako gauza handia izan da.

Inguruko mendiak ezagutzeaz gainera, euskararen erabilera sustatu gura izan duzue. Zelakoa izan da esperientzia?

Sentsazio gazi-goxoa dugu, ez dugulako lortu Etzandarriko egitasmoetatik kanpo gurekin datozen gaztetxoen arteko ohiko harremanak euskaraz izatea. Batzuetan, lana ematen digu irteeretan ere gaztetxoek euskaraz egin dezatela eragitea. Dena dela, gutxi gora behera lortzen dugu eta, behintzat, euskarak bizi duen egoeraz eta arazoaz jabetzen dira. Aurrerago ernatuko den euskaltzaletasuna ereiten ari garela pentsatu nahi dugu. Gauza bera gertatzen da mendi eta naturarekiko zaletasunarekin, baita Euskal Herriarekiko maitasunarekin. Erein barik ez da gero jaso.

Bertoko euskara hilzorian dago, eta azken 20 urteotan herrian euskara nola joan den amatatzen ikustea oso gogorra izan da euskara maite dugunontzat.

Zein da euskararen egoera Lemoiz udalerrian?

Oso kezkatuta gaude egoerarekin, horregatik sortu genuen taldea. Bertoko euskara hilzorian dago, eta azken 20 urteotan herrian euskara nola joan den amatatzen ikustea oso gogorra izan da euskara maite dugunontzat. Inpotentzia da egoera hobekien deskribatzen duen hitza. Era berean, Lemoizko gizarteari asko inporta ez zaiola ematen du, eta horrek ere min handia egiten digu.

Gazteek euskaraz omen dakite, ziur asko denek D ereduan ikasi dutelako, baina ez dute erabiltzen; eta askoren maila ere nahiko kaxkarra dela esan beharra dago, zintzoak izanda. Beraz, etorkizuna beltza ez bada, oso iluna bai. Baina, tira, euskaldunak gara, eta oraindik hemen gaude; beraz, zer edo zer asmatuko dugu eta bizirautea lortuko dugu gutxienez orain arte bezala.

Bost urteotan zenbat mendi ezagutu dituzue?

Zehatz-mehatz, Euskal Herriko 51 gailurretara igo gara, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Nafarroara eta Iparraldera oraindik ez gara joan, urrun daudelako egun baterako irteerak egiteko, baina, hara ere, helduko gara, asteburu osorako irteerak egitea pentsatzen ari garelako. Hala ere, zalantzarik gabe, bost urteko ibilbide honen alderik interesgarriena da Lemoizko naturagunea ezagutzea, mendi eta naturagune zoragarriak gordetzen dituelako. Deskubrimendu horrek proposamen sendo bat aurkeztera eraman gaitu: “Lemoizko itsaslabarrak naturagune babestua. Orain da garaia”. Abenduaren 15ean Eusko Legebiltzarreko jasangarritasun, ingurumen eta ingurune naturalaren batzordeko mahaian aurkeztuko dugu hori.

Beste aldetik, Lemoizko Etzandarri eta Lularri mendietan mendi-buzoiak jarri ditugu, eta gure asmoa da gehiago jartzea.

Hasierako ideia zen umeak eta gaztetxoak mendira eramatea, guraso barik. Orain, aldiz, pentsatzen ari gara edonori zabaltzea berton parte hartzeko aukera, euskaraz aritzeko konpromisoa eta gaitasuna duen bitartean.

Aldaketarik jasan duzue hasierako urtetik gaur egunera arte?

Bai, taldearen helburua aldatu da; hasierako ideia zen umeak eta gaztetxoak, guraso barik, mendira eramatea. Hau da, guk, guraso euskaldun gutxi batzuk, umeak garraiatzeko arduratuko ginateke, besterik ez. Eta hala funtzionatu dugu guraso erdaldunak dauzkaten ume eta gaztetxoekin. Horretaz ari garela, aprobetxatu nahi dugu guraso horiei eskerrak emateko guregan eduki duten konfiantzagatik, eta haiek ere proiektuaren zati garrantzitsu bat izan direla adierazi nahi dugu, nahiz eta irteeretara ez etorri.

Bestalde, guraso euskaldun asko, umeak garraiatzeko beharrezkoak izan ez diren arren, etorri nahi zuten eta, horrela, irteeretara ume eta gaztetxoez gainera, heldu asko ere etorri dira. Hau da, familiaz osatutako mendi-talde bat bihurtu ginen.

Beste arazoetako bat progresioa izan da; hau da, hasieratik dauden umeak nagusitu dira, eta bilakaera bat izan dute. Mendizaleak dira orain, eta ibilbide gero eta zailagoak eskatzen dituzte. Hori arazo bat da hasi nahi duten ume txikiekin uztartzeko; beraz, oreka hori lortzea ez da erraza izan.

Orain, gainera, beste buelta bat ematen ari gatzaio taldeari. Azken irteeretara heldu batzuk apuntatu dira, beraiek bakarrik, hau da, seme-alabarik gabe. Ondorioz, adinaren muga edo guraso izan beharra kentzeko asmotan gaude, eta muga bakarra mantendu: euskaraz aritzeko konpromisoa eta gaitasuna izatea.

Eta etorkizunera begira? Zein izango da datozen urteetako dinamika?

Etorkizunera begira, esan dugun moduan, taldea irekiko dugu adin guztietara eta, ibilbideen zailtasuna kontutan hartuta, irteera-egutegi orekatu bat egiten saiatuko gara, ume txikiak hasteko ibilbideak beste ibilbide zailagoekin tartekatuta. Gainera, herriko mendiak eta naturaguneak ezagutzen jarraituko dugu gure proposamenari “Lemoizko itsaslabarrak naturagune babestua, orain da Garaia” bultzada bat emanez.

Bestalde, Nafarroako Pirinioetara asteburu oso baterako irteera bat antolatzen saiatuko gara.

Bosgarren urtemuga ospatzeko bideo berezia osatu duzue, baita publikoki aurkeztu ere. Zelako harrera izan du horrek?

Bada, jaso dugun feedbacken arabera jendeari asko gustatu zaio. Taldearekin sekula etorri ez direnak harritu direla esaten digute, zer egiten dugun eta zer ondo pasatzen dugun ikusterakoan. Beste ibilbide motak egiten genituela pentsatzen zuten.

2020 arraro honetan, zelan egin diozue aurre egoerari zuen jardunean?

Martxoan irteerak bertan behera utzi behar izan genituen ekainera arte. Ekainekoa egin genuen, eta irailekoa ere hamar pertsonako mugarekin egin genuen. Hala ere, geroztik geldirik gaude. Ea, 2021ean berriro has gaitezkeen. Ez pentsa, baina, guretzat arazo bat da, ohitura eta sasoia galtzen direlako, eta berriz hastea kostatzen delako.

Erlazionatuak

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun