"Lemoizko itsaslabarrak naturagune babestua, orain da garaia" proposamena aurkeztuko du Etzandarri taldeak Eusko Legebiltzarrean

Iker Rincon Moreno 2020ko abe. 14a, 15:30

Etzandarri taldeak proposatutako ibilbide-sarea.

Lemoizko itsaslabarrak natur-gune gisa babesteko eta ibilbide-sare bat egiteko proposamena aurkeztuko du bihar, abenduaren 15ean, Etzandarri euskal mendi-taldeak Eusko Legebiltzarrean, EH Bilduk gonbidatuta.

Bihar, abenduaren 15ean, EH Bilduk gonbidatuta, "Lemoizko itsaslabarrak naturagune babestua, orain da garaia" proposamena aurkeztuko du Etzandarri euskal mendi-taldeak Eusko Legebiltzarrean, Jasangarritasun, Ingurumen eta Ingurune Naturalaren Batzordean, hain zuzen ere. Iosu Alberdi taldeko kideak azaldu duenez, proposamen horrek ingurune horretan ibilbide-sare bat egitea aurreikusten du, baita natura-gune hori babestu ere. Izan ere, dioenez, Lemoizko zentral nuklearraren lur-eremua da babestu gura dutena, eta bertan kokatu gura dituzte ibilbideotarako harrera-guneak, atseden-lekuak eta aparkalekuak, "abandonatuta dauden azpiegitura horiek aprobetxatuta", hain zuzen ere.

Dena dela, azpimarratu duenez, proiektuak Lemoizko itsasertz osoa hartzen du, Etzandarri mendiko puntatik Usategira arte; baita zentral nuklearreko lur-eremu guztia ere, Urbieta urtegia eta Martzaga auzoa barne. Naturagune horrek dituen balio ikaragarriak konbentziturik, proposamena landu eta daborduko hainbat erakunde eta alderdi politikoei helarazi diete, hala nola Lemoizko Udala, Lemoizko EAJ eta EH Bildu taldeak; PSE, Elkarrekin Podemos, EAJ eta EH Bildu alderdiak, Bizkaiko Ahaldun Nagusia laguntzeko Unitatea, Bizkaiko Foru Aldundiko Iraunkortasuna eta Ingurune Naturala Zaintzeko Saila, Bizkaiko Foru Aldundiko Nekazaritza zuzendaritza, Jata-Ondo garapenerako agentzia, Ekonomiaren Garapena, Jasangarritasuna eta Ingurumenaren Saila, Nekazaritzako, Arrantzako eta Elikagai politikako sailburuordetza, Arrantza eta Akuikultura zuzendaritza, eta Landa eta Itsasertzaren Garapeneko eta Europar Politiketako zuzendaritza.

Urte berriagaz batera, COVID-19ari aurre egiteko osasun-neurriak malgutzen direnean, proposamena zuzen-zuzenean ezagutarazteko ibilbideak egingo dituztela iragarri dute Etzandarri taldekoek.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun