Elkarrizketak

Aritza Bergara: "Nire idatziak dira nire armak; idazten duen aktibista naizelakoan nago"

Ander Zarraga 2021ko aza. 23a, 16:01

Jentilak. Erraldoi Hilezkorrak eleberria argitaratu berri du Aritza Bergara idazle lemoiztarrak. Euskal Herriko mitologiatik sortutako thrillerra Jentilak trilogiaren bigarren alea da, eta, hori argitaratzeko, idazleak sortutako Eguzkilore Liburuak argitaletxea eta crowfunding kanpaina bat baliatu ditu.

Argitaratzen duzun hamargarren eleberria da hau, nolakoa izan da orain arteko ibilbidea?

Ibilbide ez ohikoa esango nuke. Lehenengo liburuaren zirriborroa bi argitaletxeri bidali nien, eta ezetza jasotzerakoan nik argitaratzea erabaki nuen, berton kontatzen nuena pena merezi zuelakoan nengoelako eta; gainera, salatzen nuen gaia –pederastia, hain zuzen ere– ezkutuan zegoen eta azaleratu behar nuen. Garai horretan, Euskal Herrian ez zegoen ezta salaketa bat horren inguruan, eta ezin nuen sinetsi. Eleberria plazaratu eta zenbat kasu agertu dira ondoren! Hori zen helburua, entretenitzea, eta, aldi berean, pentsarazteko gaia jendearengana hurbiltzea.

Mitologiara bueltatu zara, oraingoan, Jentilak trilogiaren bigarren aleagaz, zer aurkituko dute irakurleek Erraldoi Hilezkorrak liburuan?

Mitologian oinarritutako eleberria da, antzinako kondaira batetik sortutako ideia, baina, aurreko nobeletan bezala, gaur egun girotuta. Thrillerra da, tentsioa azken momentura arte bizirik mantentzen duen liburua, hain zuzen ere. Heriotzari diogun beldurra ere agertzen da: zergatik espezie batzuk ehunka urte bizi dira eta beste batzuk, berriz, egunak baino ez? Non dago horren sekretua? Nire ustez zientziak aurrera egin ahala –genetikak batez ere– erantzunak hurbilago daude, eta hori kontatzen dut liburuan.

Crowfunding kanpaina egin duzu liburu hau argitaratzeko, nolakoa izan da prozesua? Helburuak bete dituzu?

Azken bolada honetan, idazle independente gisa aurkezten dut neure burua, eta nire lanak aurrera ateratzeko Crowfunding kanpainak jartzen ditut martxan. Irakurleek ordaintzen dute beraien alea argitaratu baino lehen, eta horrela aurre egin ahal diet inprenta-gastuei. Gero, argitaratu bezain pronto, beraien etxeetara bidaltzen ditut liburuak, sinadurarekin, orri-markatzailearekin... Normalean oso ondo atera ohi dira kanpainak, baina, kasu honetan, behar nuen erdia baino ez dut lortu. Ondo dago batzuetan helmugara ez heltzea, helburua beti lortzen baduzu erreza eman ahal du eta. Horrela, pentsatzeko aukera ematen dit ere, prozedura hobetzeko, hain zuzen ere.

Euskal mitologian oinarritutako thriller bat ez da oso ohikoa. Zure eremua aurkitu duzu nonbait?

Idazteko gaiak zeozer esan behar dit. Mitologian eman behar nuena emanda nuela pentsatzen nuen. Baian, bat-batean, Toti Martinez de Lezearekin egon nintzen eta berak eskatu zidan. Ez nekien gaia nola landu, baina, azkenean, liburu baten beharrean, hiru idatzi ditut abentura berri hau biribiltzeko. Dena den, ez dakit aurrerago gaia landuko dudan, agian, eremua bukatutzat emango dut. Batek daki!

"Gurea ezagutuz, beste batzuenarekin konparatu dezaket, ikustarazteko gizakiok zenbat bide ezberdin topa ditzakegun antzeko ibilbidea egiteko"

Zer dela eta erakartzen zaitu hainbeste Euskal Herriko mitologiak eta folkloreak?

Herri zaharrek duten edo zuten aberastasuna ezagutzeko aukera ematen digutelako. Nork ez du musika gustuko? Edo, suaren inguruan, kondairak eta antzinako kontakizunak entzutea? Gurea ezagutuz, beste batzuenarekin konparatu dezaket, ikustarazteko gizakiok zenbat bide ezberdin topa ditzakegun antzeko ibilbidea egiteko.

Mitologiari buruz idazteaz gain, beste gai sozial batzuen inguruko eleberriak ere  idatzi dituzu. Aktibista puntu hori ere baduzula esan daiteke?

Batzuek abesten dute, beraien mezua transmititu nahian. Beste batzuk politikan aritzen dira, mundua aldatu nahian; nire kasuan, idazteari ekin nion eta hasieratik bi helburu izan ditut:  herrigintzaren alde egin –kulturaren zabalkundean, mantentzen, egokitzen– edo niri kezkatzen nauten gaiei buruzko hausnarketak bultzatu. Nire idatziak, nire eleberriak, nire liburuak dira nire armak. Beraz, idazten duen aktibista bat naizelakoan nago.

Duela gutxi, Eguzkilore Liburuak argitaletxea sortu zenuten Xabi Romerok eta biok, nolakoa ari da izaten esperientzia?

Eguzkilore Liburuak-ekin euskal gaiak landu nahi genituen, maitasunez. Ibilbide labur honetan pandemiarekin topatu garen arren, orain arte, oso pozik gaude eta oso esperientzia polita eta aberasgarria izan da. Gure umiltasunetik irakurleen hurbiltasuna bilatu dugu beti; izan ere, sortzaileak gara eta gure kulturan ikusten ditugun hutsuneei erantzuna eman nahiko genieke.

Ez da sortzen duzun lehen argitaletxea, ez? Zure bide propioa egin duzula esan daiteke. Zeintzuk izan dira horrek ekarri dizkizun onurak eta erronkak?

Eguzkilore Liburuak-ekin euskal gaiak lantzen ditut; arazo sozialak direnean Ediciones Letras Rojas markarekin egiten dut lan. Marka komertzialak baino ez dira, baina horrela geure liburuen prozesu osoa kontrolatzen dugu; ez dugu idazten eta gero gure lana beste batzuen esku uzten: guk idazten dugu, baina portadak aukeratu ere, maketazioa zuzentzen dugu, noiz eta nola plazaratuko dugun erabakitzen dugu, nola banatu, azoketara joaten gara… Bestalde, horrela erronka handi bat ere dugu: komunikabideetara ailegatzeko zailtasunak ditugu, argitaletxerik gabe, kontakturik gabe... zaila delako. Dena den, sare sozialen bidez hautazko bidea egiten ari gara, eta oso pozik gaude, milaka jarraitzaileak ditugulako; gainera, Euskal Herriko mugak gainditu ditugu eta beste herrialde batzuetara ari gara heltzen: Estatu espainola, Argentina, Txile, Mexiko…

"Folklorearen doinuek, berriz, ortzadarraren kolore guztiak dituzte. Herriaren musikak alaitasuna transmititzen du, bizitzeko grinarena, etorkizunari ilusioz begiratzearen gogoa"

Musikaria ere zara; nola entzuten dira, edo nolakoak dira Euskal Herriko mitologiaren eta folklorearen doinuak?

Mitologiaren doinuak alaiak dira, erakargarriak, Ulisseseko arrain-andereren kantu liluragarriak bezala erakartzeko gaitasuna dute. Bizirik dagoen errealitatea da, ez antzinakoa.

Folklorearen doinuek, berriz, ortzadarraren kolore guztiak dituzte. Herriaren musikak alaitasuna transmititzen du, bizitzeko grinarena, etorkizunari ilusioz begiratzearen gogoa. Baina, batzuetan, samina ere dastatu daiteke folklorearen notetan: atzean geratu direnei gogoratzeko, ezinezko maitasunei aritzen direnean, etab.

Non eskuratu daitezke zure liburuak?

Liburudenda guztietan. Elkar Banaketari esker Euskal Herrian, eta ACL banaketari esker Estatuan. Gainera, aurkezpenak egiten ditut ere, gure lurraldeko herri askotan, eta, horretaz gain, hemendik gutxira, Estatu mailan ere hasiko naiz: Madril, Bartzelona, Valentzia... Nire liburuak lortzeko beste modua nire webguneko online denda izan daiteke –www.aritzabergara.com–. Horrela, eskatzen dutenek, sinadurarekin bidaltzeko aukera dute. Modu batean edo bestean erostita, bihotzez mila esker!

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun