Jesus Mari Arizmendi, EH Bildu: "Gure asmoa da lan egiteko modua aldatzea"

Erredakzioa 2023ko mai. 18a, 13:54

Jesus Mari Arizmendi, Lemoizko EH Bilduko alkategaia. © EH BILDU

Jesus Mari Arizmendi da Lemoizko EH Bilduko alkategaia. Azkeneko lau urteetan Udalean zinegotzi gisa lan egiteaz gain, Biokimikako doktorea da ere, eta Leioako EHUn egiten du lan irakasle eta ikerlari moduan. 1999tik 2003ra udalerriko eskola zabaltzeko lanean ibili zen, eta, gerora, hori ireki zutenean, 2003tik 2012ra Gurasoen Elkarteko partaide izan zen. Gertu daude maiatzaren 28ko udal-hauteskundeak, eta, horregatik, Arizmendigaz elkartu gara EH Bildutik herriarentzako dituen proposamenen berri izateko.

Zeintzuk dira zuen programako ardatzak?

Udalean lan egiteko beste modu bat jarri nahi dugu martxan, elkarlanean eta herritarren parte-hartzean oinarritutako lan egiteko modua. Horretarako ilusioz betetako taldea osatu dugu, Lemoizek aldaketa behar duelako, eta merezi duelako.

Zeintzuk dira zuen ustez Lemoizek dituen arazo nagusiak?

Lemoizek aurre egin beharreko hainbat behar eta arazo ditu, besteak beste, trafikoa eta aparkalekua, instalazioen mantenua eta hobekuntza, auzoen oreka eta integrazioa, edota ingurumen-krisia. Aitzitik, horiek kudeatzeko modua da oinarrizkoena. Orain arte, gobernatzeko moduak oposizioa baztertu du, nahiz eta botoen % 46 lortu, ez du gardentasunik izan eta ez du herritarren parte-hartzea bilatu.

Zer proposatzen duzue horiek konpontzeko?

Gure asmoa lan egiteko modua aldatzea da. Alde batetik, herritarren eta elkarteen parte-hartzea bilatzea, dinamika parte-hartzaileak abian jarriz eta hainbat eremutan egitura komunitarioak sortuz. Bestalde, talde politikoen artean lankidetza handiagoa bilatzea, haien arteko komunikazioa hobetuz, eztabaidarako eta adostasunak bilatzeko foroak sortuz eta gobernu-erantzukizunak korporazio osoaren artean banatuz.

Beste alderdiakaz itunak sinatzeko prest zaudete?

Udal hauteskundeetako emaitzek erakusten dutenez, ezusteko handirik ezean, Lemoizen zinegotzi postuak bi aukera politikoren artean banatuko dira, eta, beraz, zerrenda bozkatuenak gehiengo osoa izango du itunak sinatzeko beharrik gabe. Hala ere, lehen esan bezala, uste dugu korporazio osoak lagundu beharko lukeela gobernu-lanetan, eta hala proposatuko dugu, indar nagusia izatea lortu ala ez.

Zergatik eman zuri botoa eta ez beste hautagai bati?

Aldaketa EH Bilduren eskutik bakarrik etor daitekeelako. Bestela, denak berdin jarraituko du.

Hautagaitza honen programa osoa ikusteko, sakatu hemen.

Erlazionatuak

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun