Jarraian Lemoizko Udalak egindako adierazpen publikoa, osorik:
Lemoizko Udala osatzen dugun EH BILDUren eta EAJ-PNVren bi udal taldeek ondoko adierazpena onartu dugu, euskararen aurka epaitegiek hartutako azken erabakiaren aurrean:
1.- Uztailean, Espainiako Konstituzio Auzitegiak bertan behera utzi zuen Euskadiko Toki Erakundeen Legearen 6.2 artikulua eta orain Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiak ETELen aitortutako euskararen erabilera instituzionala eta administratiboa garatzeko 179/2019 Dekretuaren zati bat baliogabetu du.
2.- Lemoizko Udalak berretsi gura du ETELen defentsa, udal-autonomiaren eta toki-erakundeen eskumenen bermatzaile gisa, zehazki, euskararen esparruan. Legea ezinbestekoa dela euskal udalek euskararekiko duten konpromisoa eta euskal udalerrietan euskararen erabileraren sustapena gauzatzeko, herritarrekin duten hurbiltasunetik abiatuta. Epai berri hori toki-autonomiaren aurkakoa da, eta hizkuntza arloko udal-eskumenen garapen osoa mugatzen du.
3.- Udalek hizkuntza ofizialak ahoz eta idatziz erabiltzeko irizpideak ezin ezartzea, ez barneko ezta kanpoko mailan ere, oztopo da toki-erakundeen funtzionamenduan eta, are kezkagarriagoa, euskal herritarrei ematen dizkieten zerbitzuetan euskararen erabilera normalizatzeko.
4.- Lemoizko Udalak, bereziki larritzat jotzen du euskararen kontra egiten ari dena, eta euskara erabilera normal eta orokorreko zerbitzu eta lan-hizkuntza dela aintzat jotzen duten dekretuaren artikuluak baliogabetzea. Larritasun honen aurrean mobilizazio soziala ezinbestekoa da.
5.- Lemoizko Udalak bat egiten du euskararen defentsan egingo diren mobilizazioekin eta Euskalgintzaren Kontseiluak azaroaren 4an Bilbon antolatu duen manifestazioan parte hartzera gonbidatzen ditu herritarrak.