Elkarrizketak

Akaitze Kamiruaga Garitaonandia: "Herriko memoriaren atal bat errekuperatu dogu"

Nahia Martinez Gondra 2025ko ots. 7a, 11:59

50 urte inguruan ez da egin erromeriarik Sarakoetxen. © LABAYRU

Irailaren 8an egiten zen Lemoizko Sarakoetxe auzoko Andra Mari erromeria. Urtez urte, Jatabeko, Bakioko eta Mungiako herritarrak hurbiltzen ziren egun berezia ospatzera, baina Lemoizko zentral nuklearra eraikitzeko lanak hastean, bertan behera gelditu zen tradizio berezia. Alabaina, 50 urteren ostean, lemoiztar batzuek erromeria berreskuratu zuten 2022an. Horregatik, Labayru Fundazioak, Lemoizko Udalagaz elkarlanean, Sarakoetxeko erromeriari buruzko dokumentala sortu du. Akaitze Kamiruaga Garitaonandiak, Herri Ondareko zuzendariordeak, pieza honen garrantzia azaldu digu.

Non dago Sarakoetxe?

Zentral nuklearreko lanak egiten hasi aurretik, Sarakoetxeko auzo txikia zan inguru hori. Hamar baserri egozan hor; gaur egun, lau baino ez dagoz, gehienak, hutsik. Lemoizeko auzo bat da, baina muga egiten dau Jatabegaz, Bakiogaz... Kontuan hartu behar da, lehen, lurrez, Sarakoetxe auzo horren erdia Mungia zala. Horrek eragina eukiten eban erromeria horretara etorten zan jenteagaz.

Nolakoa zen erromeria hura?

Erromeria eguneko jaia izaten zan: goizean egiten zan meza bat eta eguerdian soinulariak egozan. Eskota bere egiten zan: ardauaren bila joaten ziren Armintzara, Andrakara edo Mungira. Zaragia erosten eben eta idi-gurdia eroaten eben ardaua ekarteko. Erritual moduko bat zan: gazteak bueltan idi-gurdiagaz etozanean, soinulari eta guzti etorten ziran. Hori izaten zan bidean agertzen zan jente guztiari erromeriara etorteko konbitea egitea lez. Erosten eben ardaua gero egun horretan jaira joian jenteari banatzeko.

Gero, arratsaldean, soinulariak egozan eta jenteak dantza egiten eban. Hango baserrietan egun hori egun handia izaten zan eta ohikoa izaten zan familiako jente guztia etortea. Jente asko batzen zan. Baina zentraleko lanak hasi zirenean, 60ko hamarkadaren amaieran, erromeria hori egiteari itxi jakon.50 urte inguruan ez da egin erromeriarik. Orduan, Lemoizko herritar batzuek pentsau dabe erromeria hori barriro errekuperatzea eta guk egin doguna da memoria hori berreskuratu.

Nolakoa izan da dokumentala egiteko lana eta prozesua?

Edadeko jenteari bideoz alkarrizketak eginda. Euren ume edo gazte denporatako oroitzapenak dira. Horregaz osotu dogu hari narratiboa eta batu dogu jaiegun horretan zer egiten zan. Erromeria errekuperatu nahi bada, behintzat jendeak jakin dagiala lehen zelan egiten zan, zergaitik egiten zan eta oinarri bat eukiteko.

Nolakoa izan da prozesua?

Labayrun metologia bardina erabilten dogu beti. Lehenengo eta behin, geure ikerketa lana egiten dogu, eta, gero, alkarrizketak lekukoei. Egia da kasu honetan ez dala egon informazino askorik, baina lekukoak Udalak berak aukeratu ditu, eta beste batzuk geuk lortu doguz; guztira, 9 lekuko. Gero, argazki zaharren bilketa bat egiten dogu geuk bere. Nahiko argazki agertu dira, azkenean, familietan beti gordeten da zeozer. Batez bere, momentu honetan zentrala dagoan Basorda kalatxu horretako argazki nahikotxu batu dira. Jenteak pozarren hartu dau parte dokumentalean, azkenean herriko memoriaren atal bat errekuperatu dogu.

Zailtasunik izan duzue?

Txarrena da erromeria beraren irudi gutxi egon dala. Erretratu gehienak dira inguru horretako argazkiak, baina ez justo erromeria egunekoak. Orduan argazkirik ez zan egiten, bideorik pentsau bere ez, jakine. Aurten, herritarrek hirugarren urtez egin dabe jaieguna eta gu grabatzen egon ginan. Beraz, aurtengo errekurtsoak erabili doguz dokumentalean.

Zergatik uste duzu dela garrantzitsua dokumental hau?

Beste 10 urte itxaron bagendu lan hau egiteko, seguruenik ezin izango genduan ezer batu. Gaur egun parte hartu dabenak edade batekoak dira eta euren ume eta gazte denporatako oroitzapenak dira. Era honetako berreskuratze-lanak egin ezik gero eta zailago izaten da informazinoa batzea. Gure historia da, gure herri ondarea eta gure bizimodua. Hori guztia berreskuratzea eta gero, hori gizarteratzea oso garrantzitsua da. Lemoizko gazteek jakin dagien erromeria hori egiten zala.

Erlazionatuak

Sarakoetxeko erromeria berpiztuz

Sarakoetxeko auzotarrak · Nahia Martinez Gondra ots 07 Lemoiz

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun