Aurtengo 35. Txapel Reggaeko leloa Sustraiak eta kultura da, Roots and Culture generoko berritzaile handia den Mikey Dread jamaikarraren gai klasikoaren omenez. Horregaz, musika jaialdia Armintzan eta Euskal Herrian daborduko "sustraituta" dagoela goraipatu gura dutela azaldu du antolakuntzako Gurtuk. Halaber, kulturaren eredu ireki eta herrikoa ere defendatu gura dute, "kulturak egunerokoan bere lekua izaten jarraitu behar duelako". Bere hitzetan, nabaritu dute nola sistemaren barruan gero eta zailagoa den horrelako gauzak antolatzea, martxan jartzea eta denboran mantentzea.
"Euskara urtero bermatzen ahalegintzen gara, Euskal Herritik mundura irekitzen garen moduan, munduak Euskal Herria ere ezagutu behar duelako"
Urtez urte, euskarak bere tokia du Txapel Reggaean, eta aurten, ez da gutxiago izango: Trikoma Banda, Suaia, Lova Lois eta Eirak abeslariek euskara erdigunean jarriko dute. Halaber, dantzaldi tailerrak ere gune euskaldunak izango dira. "Euskara urtero bermatzen ahalegintzen gara, Euskal Herritik mundura irekitzen garen moduan, munduak Euskal Herria ere ezagutu behar duelako", baieztatu du Gurtuk irmo.
Irisgarritasunari dagokionez, pasa den urtetik, "goitik behar batzuk inposatu" zizkieten eta aldaketak egin zituzten: aurten ere, udal-brigadagaz elkarlanean arituko dira segurtasun- eta emergentzia-zerbitzuakaz koordinazioa bermatzeko. Egunean zehar, autobus zerbitzu gehigarria egongo da: ordu erdiro autobusa aterako da Armintzatik Plentziara. Gauez ere, uneoro egongo da.
"Saiatzen ari gara garraio publikoa sustatzen eta bermatzen. Lemoizko Udalak ordaintzen du zerbitzu berezi hau eta ikusi behar da horri erabilera ematen zaiola"
Aurreko urtean bezala, bizilagunak soilik ibili ahalko dira autoagaz herrian zehar. Hortaz, kotxez joango direnek autoa kanpoan utzi beharko dute, Plentziako edo Andrakaseko aparkalekuetan. "Saiatzen ari gara garraio publikoa sustatzen eta bermatzen. Lemoizko Udalak ordaintzen du zerbitzu berezi hau eta ikusi behar da horri erabilera ematen zaiola". Kanpalekuei dagokienez, aurreko urteetako eremu berdinak mantenduko dira, sound systemaren goiko aldean. Berritasun gisa, Gorlizko noranzkoan dagoen lehenengo berdeguneko gune erdia kanpin-dendentzako izango da; beste erdia, ordea, furgoneta eta kotxeentzako.
"Udako planak pentsatzen bazabiltza, Txapel Reggae behin ezagututa ezin izango duzu burutik kendu!", animatu du Gurtuk.
Uztailak 19, zapatua
- 12:00 Batukale Samba, herritik.
- 12:00 Dantzaldia: Aixiba Koroma, Amaia Sinobas eta African Vibes Dance, txosnan.
- 12:00 Mad Muasel, Suaia, LovaLois eta Eira; Morgana Souljah; Ital Storm eta Pantx Records. Spannabis Dub Corner, Skate parkean.
- 21:00 Raymond Wright & Sound Rebels, Lion D & Modern Roots Collective, Awa Fall, Royal Sounds, Piero Dread, Awake eta Trikoma Banda, Biobizz portua stagen.
- Afterparty Txusking.