Plentziako EH Bildu: "Metro geltokiko egokitzapen lanek agerian utzi dute BGParen kudeaketa eskasa"

Iker Rincon Moreno 2015ko api. 22a, 13:45

Urdulizko trenbide-pasagunea lurperatzeko lanak apirilaren 2an hasi ziren. Obra horien eraginez, Sopela eta Plentzia arteko metro zerbitzua eten eta ordezko autobus zerbitzua ezarri dute. Hori dela eta, Plentziako metro geltokia behin-behinean itxi eta horren ingurua egokitzeko lanak abiatu zituzten zerbitzu berria hartu ahal izateko. Bertako EH Bilduren arabera, egokitzapen lan horiek “agerian” utzi dute Bizkaiko Garraio Partzuergoaren kudeaketa “eskasa”; “lanen arduradun den erakundea ez da gai izan obren ondorioak eta epeak behar bezala kontuan hartzeko”, salatu dute. Guzti horregatik, EH Bildukoek garraio agintaritza bakar baten beharra ikusten dute.

Koalizio abertzaleak gogoratu duenez, Plentziako obrak martxoaren 30ean hasi ziren, eta Urdulizen apirilaren 2an. Euren aburuz, “pentsaezina da hiru egunetan autobusentzako bidea egin daitekeenik”. Bizkaibus eta ordezko zerbitzuak apirilaren 8an hasi ziren geltoki inguruko bidea erabiltzen, “oraindik lanak amaitu gabe zeudela”. Horrez gainera, Kosta Mugapeak metro geltokiaren inguruko lanak eten eta BGPari isuna jarri ziola jakinarazi dute EH Bildukoek, obrak egiteko beharrezko baimenak ez zituelako eskatu.

Era berean, hainbat kolektibok ere kexa adierazi dute obrak eragin dizkien kalteengatik, hala nola taxistak, toki “desegokira” aldatzera behartu dituztelako; eta Gorlizko ospitaleko langileak, gaueko azken bidaia ezabatu izanagatik.

“BGPak autobus esleipenak modu traketsean egin ditu”, salatu du koalizioak, eta bidaiarien beharrei aurre egiteko autobus kopurua bikoizteko beharra jarri dute adibidetzat.

Horren aurrean, EH Bilduk azalpenak eskatu dizkio Bizkaiko Foru Aldundiari eta Bizkaiko Garraio Partzuergoari, “nahaste borraste honen erantzule direnek egoera aztertu behar dute eta arazoari aurre egiteko neurriak hartu behar dituzte berehala”. Arazo horiek guztiak koordinazio eta planifikazio faltaren ondorio direla uste dute EH Bildukoek. Zentzu horretan, Garraio Autoritate Bakar baten sorrera eskatu dute azken lau urteotan, “Garraio Autoritate Bakarrak halako lanen koordinazioa erraztuko luke eta gisa honetako obrak elkarlanean egitea ahalbidetuko luke, bidaiariei eta hainbat kolektibori sortu zaizkien arazoak ekidinez”.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun