Errotabarriren etorkizuna Madrilen jokatuko da gaur

Iker Rincon Moreno 2016ko urt. 12a, 09:00

Pasa den urteko martxoaren 6an, ehunka plentziar atera zen kalera, Errotabarri konpon zezaten eskatzeko.

Plentziako Errotabarri fut­bol-zelaiaren etorkizuna jokoan dago eta hiribilduko ordezkariek partida garrantzitsua jokatuko dute gaur Madrilen. Izan ere, Txelu Gomez Kirol zinegotziak jakinarazi duenez, hiribilduko Udal Gobernuak batzarra izango du gaur, martitzena, Nekazaritza, Elikadura eta Ingurumen Ministerioagaz, futbol-zelai arriskutsuaz eta behar dituen lanez berba egiteko.

Batzar hori Kosta eta Itsasoko Sostengarritasunerako Zuzendaritza Nagusiagaz urrian izandako hartu-emanen hurrengo pausoa da. Plentziako ordezkaritzaren asmoa da "futbol-zelaiaren egoerak sortzen duen arazoa ikustaraztea" eta "Errotabarriko kirolgunea herriarentzat zein garrantzitsua den ulertaraztea", esleipena arintzeko asmoz. Udal Gobernuak bilera hori baliatuko du Plentziarentzat "garrantzitsuak" diren beste gai batzuk jorratzeko ere, nahiz eta zer gaiak diren ez duen aurreratu.

Udan egin beharrekoak ziren Errotabarri konpontzeko lanak, aurretik udalerriko hiru indar politikoek, klubak eta teknikoek sortutako batzordeak erabaki legez, baina Aldundiaren eta jaurlaritzaren baimen ezberdinak lortu ostean, Espainiako Ingurumen Ministerioagaz topo egin zuen Udalak. Bere baimena barik obrarik ezin izango lukeenez egin, irailaren bukaeran Plentziak bilera eskatu zion Ministerioari eta Kosta Zuzendaritzagaz hainbat jarduera izan du.

Liga abiatu zenetik Plentzia Kirol Elkarteko taldeak inguruko udalerrietako futbol-zelaietan jokatzen dabiltza. Gorka Zuazo Plentziako presidenteak hainbatetan eskertu du laguntza hori baina kontzientea da egoeraren anormaltasunaz eta denek egiten duten ahaleginaz: "ezin dugu erbestean luzaroan jarraitu".

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun