Zer da Txakinarto?
2016an sortu genuen kontsumo-talde bat da. Hasieratik gure asmoa izan da inguruko produktu ekologikoak kontsumitzea, baita ekoizleekin zuzeneko harremana edukitzea ere.
Zenbatek osatzen duzue taldea?
Denera, Plentzia, Gorliz eta inguruko 40 familia gaude horretan. Ekoizleak, aldiz, hamabost ditugu, Plentzia, Lemoiz, Fika, Jatabe, Arrieta, Mungia eta ingurukoak. Zitrikoak Málagatik ekartzen ditugu eta Bidezko Merkataritzako produktuak ere badauzkagu orain; horiek ere kanpotik ekartzen ditugu.
Zer-zelako produktuak kontsumitu daitezke taldean?
Denetarik: oilaskoa, okela, barazkiak, arrautzak, marmeladak, fruta, zitrikoak, ardoa, garagardoa, esnekiak, gozoak eta ogia, besteak beste. Oinarrizko dena kontsumitzeko aukera dugu.
Zelan funtzionatzen duzue?
Bazkide denok dugu konpromisoa barazki-otzara hartzeko. Ekoizleekiko konfiantza osoa dugu, baina eurek ere jakin behar dute zenbat produzitu behar duten. Horrek laguntzen die eurei ere antolatzeko. Aldiz, gainontzeko produktu denekin bakoitzak nahi duenean egin dezake eskaera. Astean behin egiten dugu produktu freskoen banaketa, eta gainontzekoak hilean behin. Banaketa Plentziako hiltegi zaharrean egiten dugu, udal-aretoa da eta.
Produktuak kontsumitzeaz gainera beste hainbat jarduera egiten dituzue, ezta?
Hilean behin produktu berrien dastaketak egiten saiatzen gara, eta hurrengo hilabetean txangoak egiten ditugu, ekoizleak eta euren produkzioak bertatik bertara ezagutzeko. Gainera, inguruko beste hainbat kontsumo-talderekin harreman-sare bat egiten saiatzen ari gara orain.
Zelan parte har daiteke taldean?
Gurekin zuzenean harremanetan jarrita nahikoa litzateke. Konpromisoa izatea beharrezkoa da, den-dena denon artean antolatzen dugu eta.
Domekan, hilaren 20an, azoka agroekologikoa egingo duzue...
Bai, bigarren edizioa izango da aurtengoa. Oraingoan Erribera kalean egingo dugu azoka, eta hamabost ekoizle joango dira. Bestalde, irratsaioa egingo dugu aurten, hainbat esperientziaren berri emateko uhinen bitartez. Gainera, Crazy Jazzers jazz-taldeak kontzertu ibiltaria eskainiko du, 11:15ean eta 13:00etan. Azkenik, umeentzako mandala-tailerra eta pintxo-lehiaketa egingo ditugu. Inguruko bederatzi tabernak parte hartuko dute.