Ehunka herritar Plentziako alkatearen alde

Iker Rincon Moreno 2018ko aza. 19a, 11:01
Ehunka lagun bildu zen domekan Plentziako Ontziola plazan. © PLENTZIAKO EH BILDU

Ehunka lagunek David Crestelo Plentziako alkatea (EH Bildu) babestu zuten atzo, domekan, Ontziola plazan, udalerri horretako Independenteak taldeak hura salatu ondoren.

Plentziako Independenteak taldeak David Crestelo alkatea salatu du zoru publikoa okupatzen duten lokal denei ustez dagokien zerga ez kobratzeagatik. Tabernek jartzen dituzten terrazengatik eta dendek kanpoan jartzen dituzten elementuengatik kobratu beharreko zerga da hori, eta batzuei kobratu eta beste batzuei "gurata" ez kobratzea egotzi diote EH Bilduko udal-agintariari. Hori dela eta, delitu ekonomikoetan iruzur egitea egotzita ikertzen ari dira Crestelo, Independenteak taldearen salaketaren ondorioz.

"Salaketa hau ez da sorpresa bat izan guretzako, Independenteak udal-taldearen estrategiaren baitan alkatearen kontrako epaiketa baten bila zebilela aurreikusita zegoen, joan den maiatzeko udal-bilkuran alkateak berak aurreratu zuen moduan", ondorioztatu du Plentziako EH Bilduk.

Koalizio abertzaleak gogoratu duenez, 2009an terrazak arautzen dituen ordenantza onartu zen, eta ondoren, 2012an, terraza, erakusleiho, eguzkitako, kupel eta beste horrenbeste elementu instalatzeagatik kobratu beharreko zergaren zenbatekoa ezarri zen. Hala ere, tasa ordaintzen duten lokalen kopurua handitu den arren, arautegiak udalerrian ematen diren hainbat egoera konkreturi erantzuten ez diola ondorioztatu du udal-gobernuak. Ondorioz, horren moldaketa egiteari ekin zion EH Bilduk, bertako Merkatarien eta Ostalarien Elkarteagaz batera. "Gogoratu behar dugu 2017ko martxoaren 3ko udal-bilkuran ordenantza berriaren behin-behineko onarpena egin zela, eta oposizioko alderdi biek (EAJ eta Independenteak) mahai-gainean utzi dutela", azaldu du EH Bilduk.

Horren denaren aurrean, EH Bilduk deitoratu du oposizioaren estiloa definitzen duen beste "neurri baten aurrean" daudela: "Beste hainbat gairekin gertatu den bezala, Independenteak ez du hiru urtean Plentziarako inolako proposamenik aurkeztu, herriaren beharren gainetik euren ego pertsonala jarriz legealdi osoan zehar". Terrazen gaiaren harira, "merkatari, ostalari, udal-langile eta udal-gobernuari lagundu ordez, era koldar batean alkatea salatzea erabaki dute epaitegietan, eta EAJk, ezgaitasun politikoa ezkutatze ahaleginean, distantziakidetasun hotz honekin sua hauspotzen dabil helburu elektoralista bakarrarekin", salatu du koalizio abertzaleak.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun