"200 pantalan inguru jartzea ahalbidetzen duen dragatze bati aurre egin beharko dio Bizkaiko kostaldeko itsasadar horrek", dio Ekologistak Martxanek bidalitako prentsa-oharrak; "horrek 15.000 metro koadroko azalera kenduko dio estuarioari eta 10.000 portuari, hau da, lan horrek Plentziako itsasadarraren ekosisteman eragin argiak izango lituzke".
Ekologisten berbetan, inguru horretan oso nabarmena da honezkero gizakion jardunaren eragina, eta proiektuak aurrera egiteak are nabarmenago egin eta ekosisteman are kalte gehiago sortuko luke. "Bestalde, proiektuak egiturazko gabezia asko ditu", gaineratu dute, "eta, izan ere, SOS Itsasadarra plataforman elkartutako herritarrak eta tokiko eta eskualdeko taldeak ez daude batere ados".
Jaurlaritzaren itsasertzerako politika orokor desegoki baten testuinguruan (aparkalekuak egin, kirol-portuak zabaldu...) kokatzen du Ekologistak Martxanek Plentziako proiektua ere. EAJren ikuspegia, izan ere, "epe laburrekoa eta ekonomizista" dela azpimarratu dute. "Ez da harritzekoa Eusko Jaurlaritzak atzeratu izana, oposizioko talde guztiak azterketa adostuago bat egiteko geldiaraztea eskatu ondoren".
Azken urteen laburpena egin dute
Aurten hamabost urte bete ditu Bandera beltzak txostenak. Hori dela eta, azken sei urteotako egoera biltzen duen txosten gehigarria argitaratu dute. Iaz ere, hain zuzen, Uribe Kostari egokitu zitzaion Bizkaiko banderetako bat, Getxoko gurutzaontzien kaiaren eraikuntzari eman zioten eta.