Plentziako itsasadarraren berrantolaketarako proiektua atzeratu egin du Eusko Jaurlaritzak; hala, parte-hartze prozesua ireki du norbanako eta kolektiboen ideiak jaso eta egitasmoa hobetze aldera. Europa Press albiste agentziak zabaldutakoaren arabera, proiektuaren arduradunek uste dute "beharrezkoa" dela denbora inbertitzea orain arte jasotako ekarpenak baloratzeko eta ikertzeko, gerora proiektuan txertatu ahal izateko, egoki deritzotenean. Une honetarako 37 ekarpen jaso dituzte, baina egunotan gehiago jasotzea aurreikusi dute.
Iturriek zabaldu dutenez, atzerapen horren helburua da proposatutako proiektua hobetzea, beharrezkoa ikusten dutelako neurriak hartzea itsasadarra egoki berrantolatzeko, "askok eskatzen duten bezala", arduradunen arabera.
Era berean, EKP (Euskadiko Kirol Portuak) esleipen prozesua abiatuko du laster Plentziako portuko pantalanak berritu eta berrantolatzeko. Horri esker, portuaren barruko antolaketa egokitu eta plazak areagotuko dituztela azaldu dute, 165 tokitik 208ra izatera pasatzeko. Lanotarako aurrekontua 1.000.000 eurokoa izango dela aurreikusi dute. Behin egokitzapenak bukatuta, plaza denak esleituko dituzte legearen arabera.