Koronabirusa Uribe Kostan

Koronabirusagatik itxitako hotelak berriro zabalik egoteak "normaltasun turistikoa" bueltatzea eragingo du, Udalaren esanetan

Unai Brea 2020ko abu. 20a, 15:03

© PLENTZIAKO UDALA

Gaurtik zabalik dago berriro Boutique Bahía de Plentzia, eta atzo ireki zituen ateak joan den astean itxitako beste hotelak: Casa de Marinos. Plentziako alkate Elixabete Uribarrik adierazi duenez, "turismo-jardueran COVID-19ak ondorio negatiboak izan baditu ere, turismo-bulegora joan diren bisitarien kopurua azken hiru urteetako uztailean bulegoa bisitatu zuten pertsonen batez bestekoaren %70era iritsi da". Itxitako hotelak berriro zabalik egoteak turismoaren aldetik "normaltasuna itzuliko dio" herriari, Udalaren esanetan.

“Langile guztiei egin beharreko proba diagnostikoak egin ondoren, eta, gure langileei zein bezeroei osasun-segurtasuna bermatzeko, eraikin osoa birus desinfektatzaile homologatuekin garbitu eta desinfektatu ondoren" zabaldu zuten atzo berriro Casa de Marinos, astebetetik gora itxita egon ostean. 

Itsasadarraren ertzeko hotel biek ohiko jarduna errekuperatzea nabarmendu du Plentziako Udalak, turismoaren egoera baloratzeko plazaratutako prentsa-oharrean. Adierazi dutenez, "bisitatzen gaituzten pertsonen profila aldatu da, orain hurbilagoko turistak dira, baina udalerrian denbora gehiago ematen dute eta interes berezia dute historia, gastronomia eta gure ingurunea ezagutzeko".

Bestalde, positiboki baloratu dituzte udako lehen emaitzak turismo-jarduerari dagokionez: "Eskertzen dugu turismo-enpresek, ostalaritzak eta merkataritzak errealitate berri honetara egokitzeko egin duten lan garrantzitsua, bisitatzen gaituztenei kalitate oso handiko turismo-eskaintza eskainiz".

Plentzia, Turismo Bulegoen Euskal Sarean

Ekainean zabaldu zuten jendearentzat turismo-bulegoa, pandemiaren ondorioz aldi batez itxita egon ostean. Bisitarientzako arreta-zerbitzua egokitu dute, edukiera mugatuz, babes-elementuak gehituz eta pantaila bidezko arreta emanez. Gainera, azaldu dutenez, uztailaren 1etik Turismo Bulegoen Euskal Sarearen (Itourbask) barruan dago bulegoa. "Plentzia izan da azken urteotan sare horretan sartu ez den Uribe Kostako herri bakarra", gaineratu dute.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun