Elkarrizketak

"Euskaraldiaren testuingurua baliatu nahi dugu euskaldunon eta euskaltzaleon aktibazio soziala gazteriaren artean ere itzul dadin"

Iker Rincon Moreno 2020ko aza. 12a, 08:58

Ilargi Beaskoetxea Aranburu. © GAZTEALDIA

Gaurtik, azaroaren 12tik, hasita eta zortzi egunez, euskara hutsean bizitzeko konpromisoa hartu dute Euskal Herriko bederatzi gaztek, Gaztealdia izeneko ekimenaren baitan. Horren helburua da gazteak aktibatu eta euskara erabiltzeko hautua egitera animatzea. Ekintzaile horien artean dago Ilargi Beaskoetxea Aranburu plentziarra. Azaldu digunez, Donostiako Antiguo auzoan bizi da gaur egun, astean zehar, ikasketak direla eta: "Auzo oso euskalduna da hori, eta arnasgune gehiago izatea baimenduko dit". Hala ere, argi du sarri gutxien espero duenean ere talkaren bat topa dezakeela bertan. Ekimenaren nondik norakoez eta aurreikuspenez berba egin dugu beragaz.

Gaurtik hasita, eta azaroaren 19ra bitartean, soilik euskaraz aritzeko konpromisoa hartu duzu. Zer dela eta?

Tira, astebetez euskara hutsean bizitzeko konpromisoa hartu dut behar bat dagoela ikusi dudalako. Behar bat dago euskaraz bizitzeko dugun eskubidea aldarrikatzeko. Ez dira gutxi euskararen zabalkundea eman dadin lanean aritutako urteak, eta gaur egungo gazte askok (nire kasuan bederen) horren lorpenak jaso ahal izan ditugu: euskaraz ikastea, kasu. Baina, oraindik orain, gure harreman-sareetatik haratago, asko dira euskaraz bizitzea bermatzen ez diguten inguruneak, eta horiek azaleratzea, bidean aurrerapausoak emateko ezinbestekoa dela deritzot.

Euskal Herriko 9 gaztek parte hartuko duzue Gaztealdia ekimenean; zelan aukeratu zaituztete?

Bederatzi partaideok Euskal Herri mailako gazteen euskara talde eta elkarte ezberdinetako kideen bitartez aukeratu gaituzte. Pentsatzen dut ekimenaren ildoarekin bat egiten dugulako edo… Kontutan izan dute, bai genero zein lurraldetasun perspektiba, gazteon aniztasuna euskararen errealitatean (eta honen erabileraren analisian) ere plasmatua izan dadin.

Nork antolatu du ekimen hori?

Gaztealdia euskararen erabileraren aldeko gazteon aktibazioa bilatu nahian, Euskal Herriko hainbat gazte zein euskara taldek bultzatu dugun ariketa bat da.

Azken hilabeteetan sortutako harremanen bidetik, Euskal Herri mailako hainbat eragile izan dira proiektu honen parte: Bizkaiko Topa Gaitezen, NUPeko euskara taldea, Iep! Ibaetako Unibertsitateko euskara taldea, Gasteizko EHUko euskara taldea, Baionako Bernart Etxepare Lizeoko Ikasle Asanbladako euskara taldea eta Galdakaoko Bagabiz euskara elkarteko gazteak, horien artean.

Gure belaunaldia euskara hezkuntza formalean jaso eta ezagutzak gora egiten duen testuinguruan kokatzen den arren, erabilera behera egiten ari da; horregatik, hizkuntzaren transmisiorako ezinbestekoak gara gazteok.

Zein da ekimen horren helburua?

Ariketaren helburua da, labur esanda, gazteok euskaraz bizitzearen alde lerratzea. Hortaz, egitasmoak izan dezakeen irismena baliatu nahi dugu, euskaraz bizitzeko ditugun oztopoak azalerazteaz harago, gazteon kontzientziak pizteko eta aktibatzeko; hau da, euskararen erabileraren aldeko hautua egiteko.

Horretarako, 2015ean Lutxo Egiak egindako ariketaren antzekoa egitea da planteamendua. Orduan, hilabetez euskara hutsean bizitzeko hautua egin zuen, gaztelania eta frantsesa alde batera utzita. Guk ere, antzeko ideia eta eredua zabaldu nahiko genuke, oraingo honetan, gazteon errealitatean. Horretarako, Euskal Herriko eremu geografiko eta soziolinguistiko desberdinetako 9 gaztek euskara hutsean bizitzeko ariketa egingo dugu; azaroaren 12tik 19ra, euskaraz biziko gara.

Izan ere, gure belaunaldia euskara hezkuntza formalean jaso eta ezagutzak gora egiten duen testuinguruan kokatzen den arren, erabilera behera egiten ari da; horregatik, hizkuntzaren transmisiorako ezinbestekoak gara gazteok. Ez dugu uste euskararen erabilera determinatzen duen faktorea bat eta bakarra denik, eta faktore guzti horiek identifikatu eta euskaldunontzako arnasguneak sustatzeko erabiltzea da gure helburua.

Era berean, Euskaraldia bezalako herri ekimenetan, gazteon parte hartzea kuantitatiboa izateaz gain, kualitatiboa ere izatea bada gaztealdiaren ardatza. Ahots propioz hitz egitea. Pausu bat aurrera eman eta euskaraz bizitzeko nahi horretan sakontzea.

Euskara hutsean aritzeko zeintzuk oztopo topatuko dituzula aurreikusten duzu?

Kaleko komertzioetatik hasi eta higiezinen-agentziara. Beka eskaeretako esku-orrietatik zein administraziotik hasi eta auzoko zinemara… Denok ditugu buruan hizkuntza-talkak ematen diren hainbat eta hainbat une. Aipatu beharra daukat, dena den, aste barrua Antiguon pasatzen dudala, Donostiako auzo oso euskaldun batean, eta bertako egoera sozio-linguistikoak arnasgune gehiago izatea baimentzen didala. Dena den, espero dut egunerokotasunean (sarri ohartu ere egin gabe) bizi ditugun egoerez kontziente izan eta horiek helarazteko gai izatea; sarri gutxien espero duzun inguru horietan ere izaten baitira horrelako kasuak.

Konbentzimendu eta konpromiso osoz hartuko dugu erronka bederatzi gazteok, eta talka bat ematen den unean ez gara espaloitik jaitsiko.

Hala ere, zer egingo duzu oztopo horiek gainditzeko?

Zaila egiten zait hizkuntza-talkak emandakoan nola erreakzionatuko dudan aurresatea. Izan ere, egoerak eta aurrean duzun pertsonaren jarrerak asko eragiten baitu. Garbi dudana da, konbentzimendu eta konpromiso osoz hartuko dugula erronka bederatzi gazteok, eta talka bat ematen den unean ez garela espaloitik jaitsiko.

Zein da zure inguruan bizi duzun hizkuntza-panorama?

Lehenago aipatu bezala, orain Antiguon bizi naizen honetan, nire hizkuntza-ingurunea nahiko euskalduna da. Oro har, euskaraz bizi naiz familia, lagun, hezkuntza zein aisialdian. Asko eskertzen dudan zerbait da, izatez oinarrizkoa izan beharko lukeen arren…

Normalean, zure egunerokotasunean, zein da erabiltzen duzun hizkuntza nagusia? Zer dela eta?

Orokorrean euskaraz bizi naiz. Bere garaian ohartu nintzen, euskaraz bizitzeko, ingurune batzuetan, tamalez, ez zela nahikoa euskaraz bizi nahi izatea; hautu kontzientea egin eta horri eutsi beharra dagoela. Eta, egia esan, denborarekin, nire tokia bilatzen joan naiz hurbileko euskal giroan. Gainontzekoan, oraindik orain, asko dira topatzen ditudan mugak.

Zer egin beharko luke euskal gazteriak euskararen erabilera hauspotzeko eta horri bizitasuna emateko?

Ohiturak aldatzeaz gain, noski, euskaraz bizitzeko eskubidea aldarrikatu beharko genuke. Izan ere, asko dira (sarri ohartu ez arren) euskaldunok bigarren mailako biztanle gareneko uneak. Hizkuntza ofiziala den arren, askotan euskaraz bizitzeko hautua eginagatik ez zaigu bermatzen euskaraz bizitzeko eskubidea, eta hori landu beharreko afera dela deritzogu. Euskaraldiaren testuingurua baliatu nahi dugu, euskaldunon eta euskaltzaleon aktibazio soziala gazteriaren artean ere itzul dadin, Euskaraldian aktiboki parte hartuz, bultzatuz, eta ariketa gazte ahobiziz kontziente, aktibo eta parte-hartzailez osatuz.

Egoerara egokitu eta, agian, aurten gertukoagoak zaizkigun inguruak izango dira Euskaraldiaren aldaketak gertuagotik biziko dituztenak.

Gaztealdia amaitu eta Euskaraldiari hasiera emango diote. Zelan aurreikusten duzu aurtengo Euskaraldia?

Esan beharrik ez dago, aurtengo egoeraren berritasun honetan Euskaraldia bera ere ezberdina izango dela. Izan ere, euskara ahotik-ahora, eskutik-eskura, bizi eta zabaltzen da… eta egoerak ez du baimentzen joan den urteetan indartzen joan diren ingurune sozialak berdin garatzea. Baina, horrek ez du esan nahi aurreikuspen kaxkarragoak ditugunik! Egoerara egokitu eta, agian, aurten gertukoagoak zaizkigun inguruak (familian, lagun artean, lan-telematikoan zein korreoetan…) izango dira Euskaraldiaren aldaketak gertuagotik biziko dituztenak. Tabernara edo komertzioetara joan beharrean, gure etxe zein familiako bideo-deietatik hasi beharko dugu aldaketa, norbere irismen eta inguruetan. Gazteon aldetik ilusio eta indar handia ikusten da euskaldunok ditugun beharrei erantzun bat eman eta euskaraz bizitzeko eskubideari tinko eusteko… eta Euskaraldiari ere konbentzimendu berdinarekin eutsiko diogu!

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun