"Aurten inoiz baino beharrezkoagoa da Euskaraldia, ez bakarrik hizkuntza politika bultzatzeko, baita gure gizarte nortasuna indartzeko eta adierazpen positibo bat helarazteko. Pandemiak ez du bakarrik ekonomia eta gizartea kolpatu, baita euskara ere. Azken hilabeteetan bere erabilera murriztu egin da, bai arlo kolektiboan zein pertsonalean, eta horregatik, aurtengo Euskaraldia inoiz baino garrantzitsuago dela uste dugu. Hala, herritarrei Ahobizi edota Belarriprest gisa jarduteko gonbita egiten diegu, sentimendu baikor honekin bat egin dezaten”, adierazi dut Plentziako Udalak.
Egitaraua
Alde batetik, Euskaraldiaren aldeko argazki kolektiboak egingo dituzte. Horretarako, Euskaraldia pankarta eta hitz borobilduak daude Turismo Bulegoan eta Plentziako elkarteek, lagun taldeek eta erakundeek aukera izango dute euskarri horiek hartu eta beraien argazki publikoa egiteko. Argazkiak egin ondoren, uribekostaeuskaraldia@ni.eus helbidera bidali beharko dira publiko egiteko. Zentzu horretan, atzo arrastian Euskaraldiagaz bat egiteko argazki kolektiboa egin zuen Plentziako Udalak, bere korporazioko partaide guztiakaz. Argazki horren bitartez, bere aldekotasun aktiboa adierazi gura izan dio Euskaraldiaren dinamikari eta, bide batez, herritarrak gonbidatu eta animatu gura ditu Euskaraldian izena eman eta Ahobizi edo Belarriprest rolagaz dinamika horretan parte hartzera. Izan ere, helburu nagusia da euskaraz bizitzeko aukerak eta bideak zabaltzea.
Bestalde, euskararen erabilera sustatzeko xedez, Uribe Kostako bertso sarea izeneko ekimena antolatu da. Bertso sarea osatzeko hasierako puntua asmatu behar da, ondoren grabatzeko eta erronka lagun bati bidaltzeko. Ostean, bertso osoa bueltan etorri eta Uribe Kostako Euskaraldiko kideei bidali beharko zaie. Bideoak jaso ahala, Facebook eta Instagramen argitaratuko dira ikusgai egon daitezen.
Azkenik, Egunean behin talde lehiaketa antolatu da, azaroaren 20an hasi eta abenduaren 4an amaituko dena. Bitarte horretan “Ukan euskaraz” taldean astero puntuazio handiena lortzen duenari sari berezi bat eskainiko zaio (2 pertsonentzako bazkaria edota afaria). Parte hartzeko “Egunean behin” aplikazioa jaitsi beharko da mugikorrean, “Taldeak” eta “Talde batean sartzeko” ikonoak sakatu eta 23D007 kodea, izena eta abizena sartu.