Arpillaoko elkarteek Udalaren kudeaketa "negargarria" salatu dute

Ander Zarraga 2020ko abe. 28a, 09:32

Bateratzea egin zuten atzo "Arpillao bizirik" leloaren pean. © ARPILLAOKO ELKARTEAK

Plentziako hainbat elkarteren egoitza eta aparkalekua den eraikinaren egitura hondatuta dagoela egotzia, Udalak hura zarratzeko agindu zuen, bertako elkarteei inolako abisurik eman gabe. Elkarteek bateratzea egin dute beraien jarduerak etetera behartu dituztelako eta Udalak ez dielako inolako irtenbiderik eman.

Elkarteek komunikatu baten bidez jakinarazi dute ez dutela eraikinaren egoeraren inguruko informaziorik jaso, abenduaren 22an Udalak lokalak zarratzeko agintzen zuen papera jarri zuen arte. Aitzitik, urtean zehar Udalagaz zenbait bilera egin dituztela adierazi dute, eta horrek irailaren 24tik eraikinaren egoera ezagutu arren, ezer ez diela esan salatu dute.

Itxiera horrek herriko 300 pertsona baino gehiago batzen dituzten bost elkarteren jarduera eteten duela diote, eta Udalaren pasibotasuna salatu dute, momentuz ez dietelako beste aukerarik eman beraien jarduerakaz jarraitu ahal izateko.

Arpillaoko lokaletan egoitza duten elkarteak dira Arkote Arraun Taldea, Danontzat Gaztetxea, Plentzia Piraguismo Taldea, Plentzia Traineru Baltza eta AMBAR Elkartea. Beraien ondasunak batzeko bakarrik sartu ahalko dira eraikinera, urtarrilaren 15a arte, eta Udaltzaingoaren baimenagaz. Elkarteez gain, eraikinean herrikoek kontzesioan dituzten 200 aparkaleku ere daude, eta horiek hustu beharko dituzte.

Udalak, bere aldetik, segurtasun neurriengatik hartutako erabakia dela arrazoitu zuen abenduaren 25ean argitaratutako prentsa-ohar baten bitartez. Bertan, jarraipen-ikuskapenetan lokalak eta aparkalekua itxi behar zituztela ondorioztatu zela jakinarazi zuten. Era berean, gaineratu zuten elkarteek beraien ekintzakaz jarraitu ahal izateko lanean ari direla, eta beraientzako lehentasuna dela hori lortzea.

Danontzat gaztetxearen zortzigarren urteurrena

Arpillaoko lokaletan, besteak beste, Danontzat gaztetxea dago, okupatu zela zortzi urte betetzen dituena egunotan. Hala ere, ez da urte ona izan gaztetxearentzako, aurretik aipatutakoagatik eta COVID-19aren ondorioz itxita egon delako urteko parterik gehiena.

Gaztetxekoek komunikatu baten bitartez azpimarratu dute eraikinaren etorkizuna kolokan egon arren, proiektuagaz jarraituko dutela, "herri honek gaztetxea baten beharra duelako eta oso gogor egin duelako lan, orain modu hain sinplean lortu duena egun batetik bestera galtzeko".

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun