Manifestazioa egin dute Arpillaoko elkarteek bizi duten egoera herrian zehar zabaltzeko

Ander Zarraga 2021ko urt. 4a, 09:39

Manifestazioa jendetsua egin zuten domekan Arpillaoko elkateek beste behin ere. © ARPILLAOKO ELKARTEAK

Arpillaoko kirol eta kultura guneak non lekualdatuko dituzten erabakitzen duten bitartean, elkarteek Udalaren kudeaketa salatu dute, beste behin ere.

"Arpillao Bizirik. Kultura eta kirolik gabe herria hilda!" leloagaz bat eginda, eta euria eta hotzari aurre egiten, hainbat herritarrek parte hartu zuten atzoko manifestazioan. Plentziako Udalari irtenbide bat bilatzeko eskatzen diote, Arpillaoko eraikinaren egoera txarra dela eta beraien jarduera egun batetik bestera eten behar izan dutelako. Momentu honetan, kale gorrian daude, Udalak emango dizkien aukeren zain.

Salatzen dutenez, Udalak aspalditik bazekien eraikina hustu behar zutela, horren egoera txarra aztertzeko egin zituzten ikerketek horrela adierazten zutelako. Egoeraren berri jakin arren, Udalak azkenengo momentura arte itxaron du elkarteei lokalak utzi behar dituztela agintzeko. Hala, Arpillaoko bost elkarteek urtarrilaren 15era arte dute lokalak husteko, baina, momentuz, Udalak ez die behin betiko alernatibarik eman beraien jarduerekaz jarraitzeko.

Momentuz, urtarrilaren 12an batzartuko direla adostu dute, eta, bitartean, Arpillao Elkartekoek mobilizazioak egiten jarraituko dutela aurreratu dute.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun