Plentziako gobernu-taldeak (EAJ) martxoaren 25ean egingo den hurrengo osoko bilkuran aurkeztuko du Ambar elkarteagaz lortutako lankidetza-hitzarmenaren proposamena: udal-liburutegiaren eraikinean dagoen lokal bat lagatzekoa, hain zuzen ere. Aldi baterako eta salbuespenezko baimena da, kontuan hartuta Arpillaoko eraikinean kokatutako elkarteak bizitzen ari diren egoera berezia; izan ere, eraikinaren kontserbazio-egoera txarraren ondorioz, abenduan hori itxi behar izan zuten, aparkalekuaren eta eraikinean lagatako udal-lokalen erabiltzaileen segurtasuna zaintzeko lehentasunezko helburuagaz. Udalak nabarmendu du erabaki hori kanpoko ingeniaritza baten jarraibideak errespetatuz hartu zutela, azken jarraipen-ikuskapenaren ondorioen berri izan ondoren.
Udal-gobernuak, udalerriko herritarren elkarteei udal-ondasunak erabiltzeko lagapena arautzen duen ordenantzari jarraituta (BAOn 2019ko apirilean argitaratu zena), Itsas Fauna Aztertu eta Kontserbatzeko Sozietateari (Ambar) udal-liburutegi eta artxiboaren eraikinean, Goienkale kaleko 25 zenbakian dagoen 27 metro koadro inguruko lokal bat proposatu zion.
Udal-instalazio horiek elkarregaz bisitatu ondoren, udal-iturriek adierazi dute elkarteko arduradunek garatzen duten jarduera aldi batean garatzeko lokala beren beharretara egokitzen zela egiaztatu zutela. Horregatik, eskaera bat aurkeztu zuten Udalean, lokal horren lagapen-hartzaile gisa blindatzen dituen izapide formalak betetzeko. Osoko bilkuran hitzarmena onartzen denean, bere indarraldia urtebetekoa izango dela zehaztu dute, sinatzen den egunetik zenbatzen hasita.
Udal-iturriek adierazi dute hitzarmena "bide onetik joan" dela, eta gobernu-taldeak kaltetutako gainerako elkarteakaz formula berdina aplikatu gura duela azaldu dute. Bitartean, horiekaz harremanetan daudela jakinarazi dute, "irtenbide bateratuak bilatzen jarraitzeko", bakoitzaren ezaugarri eta behar espezifikoetara egokitzen diren soluzioak bilatzeko.