Uztailaren 13tik 15era bitartean, eskualdeko historian murgiltzeko aukera egongo da Plentzia eta Uribe Kostaren Historiaren XIII. Jardunaldiei esker. Iazko etenaldiaren ostean, Plasentia de Butron Museoko Etnografia Taldeak askotariko gaiak eta adituak ekarriko dituzte, Goñi Portal kultur etxean egingo dituzten hitzaldietara; edukiera mugatua izango den arren, horiek streaming bidez jarraitzeko aukera ere egongo da.
Urtebeteko etenaldiaren ondoren, Plentziako eta Uribe Kostako Historia Jardunaldiak itzuliko dira
— EtnoPlentzia (@EtnoPlentzia) July 9, 2021
Tras un año de pausa, vuelven las Jornadas de Historia de Plentzia y Uribe Kosta#Plentzia #UribeKosta #etnografia #prehistoria #arqueologia #covid pic.twitter.com/LxF0SVoVbS
Jardunaldiakaz hasteko, uztailaren 13an, martitzenean, David Crestelok, Plentziako Etnografia Taldeko kideak, Plentzia eta Gorlizeko saltoki txikien hiri-errotuluen inguruan arituko da. Izan ere, azken urteotan, galtzeko arriskuan zeuden udalerriko hainbat errotulu berreskuratu dituzte, herriko historiaren elementu higiezin bezala.
Jarraian, Alberto Diez historialari, arkeologo eta etnologoak ibilbide bat egingo du Uribe Kostako ibai eta itsasadarretatik, bertako errota eta burdinolei buruzko berbaldian. Diezek Bizkaiko haize eta marea errotak biltzen dituen liburua argitaratu du duela gutxi, eta, orain, lurraldeko ibaietako egitura hauek batuko dituen lana ari da prestatzen.
Bigarren jardunaldian, historiaurrera salto egingo dute, Uribe Kostako lehendabiziko giza-aztarnen inguruan berba egingo baitute Joseba Rios giza bilakaerari buruzko Ikerketa Zentro Nazionaleko arkeologoak eta Iñaki Libano Edestiaurre Arkeologia Elkarteko presidenteak. Riosek historiaurreko Uribe Kosta nolakoa zen kontatuko du, eta, ondoren, Libanok Barrikan egindako indusketa arkeologikoetan aurkitutakoa deskribatuko du.
Jardunaldien azken egunean, uztailaren 15ean, eguenean, gaurkotasun handia duen 1918ko gripeari buruz arituko da Enrique Aranburu, Plentziako Erribera kaleko Aranburu Farmaziako arduraduna. Aranburuk kontatuko du izurrite horrek nola eragin zuen Uribe Kostan, eta egungo izurriteagaz, COVID-19agaz, dituen desberdintasun eta antzekotasunak.
Jardunaldiakaz bukatzeko, Mikel Bengoetxe Plentzia Etnografia Taldeko kideak argazki-forum bat eskainiko du. Bertan, publikoaren laguntzagaz duela mende erdiko Uribe Kostako 12 argazki deskribatuko dituzte.
Osasun-neurriak direla eta, jardunaldiek edukiera mugatua izango dute, eta 20 pertsona besterik ezin izango dira bertaratu. Hala ere, Plentzia Telebistak zuzenean eskainiko ditu jardunaldiak, bere sare sozialetan, lotura honen bitartez.