Busterri Herri Antzerki taldeak aurreko abenduan antzeztu zuen Butroe, zelangoa dan orok dakie obraren testuaz arduratu zen Jokin de Pedro plentziarra. Hala ere, hainbat xehetasun eta istorio geratu ziren horretatik kanpo, beraz, de Pedro XVI. mende hasierako Plentziara bueltatu da Gazteluondo izeneko eleberri historikoagaz. Fikzioa eta benetako historia tartekatuz, eleberriaren ardatza da Plentziako herriak eraikitako marea-errota eta Butroe familiak horri jarritako auzia.
"Bizkaiko errotarik zaharrena zena erabat suntsitu zuen Udalak 1990. hamarkadan frontoia egiteko, baina aurretik historia luzea zeukan horrek, eta sorrera eleberri honetako ardatza da", azaldu du de Pedrok. "Gazteluondo errota oso berezia zen, Udalak 1506an eraikitzea erabaki zuelako; horrek Butroi familiarekin gatazka piztu zuen, auzitara eraman baitzuen eskualdeko errotak eta burdinolak beraien kontrolpean zeudelako, eta zeudelako prest horiek ematen zieten boterea galtzeko". Abenduan, Busterri Herri Antzerki taldeak egindako obraren abiapuntua hori bera izan zen, baina eleberrian gaia askoz garatuago azaltzen da, garaiko testuinguruan gehiago sakontzen baitu: "gatazka hiriko burgesiaren eta ahaide edo jauntxoen arteko tirabira bat izan zen".
Hala ere, eleberrian garaiko tirabirak herriko jendearen ikuspegitik kontatzen direla dio egileak, baina horregaz batera, garaiko hiru gizarte-mailak ere islatu dituela dio: "herri xehea, hala nola, nekazariak, arrantzaleak eta ofizioetako jendea; hirietan indarra hartzen ari zen burgesia: merkatariak eta ontzigileak, besteak beste; eta, azkenik, hirira etorriak ziren ahaide nagusiak". Horretarako, pertsonaia ezberdinak erabili ditu, batzuk errealak dira, erregistroetan agertzen direnak, eta beste batzuk asmatutakoak, "baina guztiak elkar-lotzen dituena Gazteluondo errotaren auzia da".
Bai antzerkia bai eleberria idazteko, besteak beste, de Pedrok auziko informazio zehatza baliatu duela azaldu du: "Butroi familiak auzitara eraman zuen Plentziako Udala errota egin zuelako, eta hor guztien adierazpenak eta nortzuk ziren dago gordeta zehatz-mehatz, beraz, informazio baliagarri asko dago hor. Horretaz gain, fogerazioak ere oso informazio baliagarria dira, jendea non bizi zen eta zertan lan egiten zuen adierazten dutelako".
Liburuaren amaierako eranskinetan erroten munduko hiztegia azaltzeaz gain, eleberrian azaltzen diren benetako pertsonaiak zehazten ditu, aipatzen diren garaiko pertsonaia ospetsuak ere ahaztu barik; izan ere, historiagaz ahalik eta zintzoen jokatu gura izan duela dio. Horretaz gain, Butroe leinuan nor den nor jakiteko familia-zuhaitza ere jarri du egileak.